Belgika

Philippe erregeak gobernuaren dimisioa onartu du, baina ez dituzte aitzinatuko hauteskundeak

Charles Michelek lehen ministro karguan jarraituko du maiatzaren 26ra arte, jardunean.

Philippe Belgkako erregeak harrera egin dio, gaur, Charles Michel Belgikako lehen ministroari.
Philippe Belgkako erregeak harrera egin dio, gaur, Charles Michel Belgikako lehen ministroari. Olivier Hoslet/EFE

Mikel Rodriguez -

2018ko abenduak 21

Belgika berriro ere blokeo egoeran utzi du bertze gobernu krisi batek. Michel lehen ministroak iragan asteartean aurkeztu zuen dimisioa, haren gobernua gutxiengoan gelditu ondoren. Philippe erregeak azken hiru egunotan bilerak egin ditu parlamentuan ordezkaritza duten alderdi guztiekin, eta gaur erabaki du Michelen dimisioa onartzea. Hala ere, ez ditu hauteskundeak aitzinatu.

Horren ondorioz, Michelen gobernuak agintean jarraituko du, baina hagitz botere mugatuekin. Horren eraginez, ia ezinezkoa izanen du programa bat garatzea. Urte erdiko behin-behineko gobernu bat izanen da; aitzineko markatik urruti, 2010eko hauteskundeen ondoren hemezortzi hilabetez eduki baitzuten jarduneko exekutibo bat, alderdiek zailtasun handiak izan baitzituzten gobernua osatzeko akordio bat egiteko.

NBE Nazio Batuen Erakundeak sustatu duen nazioarteko migrazio akordioak eragin du gobernu krisia. N-VA Flandriako alderdi nazionalista nazioarteko itun hori sinatzearen aurka zegoen, baina gobernuak babestu egin zuenez, exekutiboa uztea erabaki zuen. Belgikako alderdi handiena da N-VA, eta Michel lehen ministroa gutxiengoan agintzen utzi zuen erabaki horrek. Valoniako PS Alderdi Sozilaistak eta Flandriako SP.A sozialdemokratak joan den asteartean Michelen aurkako mesfidantza mozio bat aurkeztu zuten, baina lehen ministroak dimisioa ematea erabaki zuen.