Futbola-Lehen Maila

Athletic, azken unean izoztuta (1-1)

Valladolidek 92. minutuan berdindu du partida, eta ezerezean utzi du Athleticen lana. Zuri-gorriak jaitsieratik irten dira behin behinekoz

Aritz Aduriz, atsekabe aurpegiarekin.
Aritz Aduriz, atsekabe aurpegiarekin. Monika del Valle / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko abenduak 22

Golak. 1-0: Adurizek (pen., 44. min.). 1-1: Planok (92. min.).

Athleticek bizkarreko handia hartu zuen atzo. Valladolidek eman zion, partidako azken jokaldian banakoa sartuta. Zuri-gorriek ez zuten partida hiltzen asmatu, eta larrutik ordaindu zuten. Bigarren zati osoa aurretik egin ondoren, eta Gabonak uste baino lasaiagoak izango zirela pentsatzen ari zirenean iritsi zen kolpea. Urte zahar gauean azken mahats alea kontrako eztarritik joatea bezalakoa izan zen. Zuri-gorriak jaitsiera postuetatik kanpo daude behin-behinekoz, Vila-realek urtarrilean jokatuko baitu atzeratutako partida, baina hori ez da aski giroa lasaitzeko. Gaizka Garitanok taldea hartu zuenetik bost puntu lortu ditu, eta irudia ez da txarra, baina jokoa falta zaio.    
Athletici irudimena falta zaio, sakontasuna, baina lan egiteko gogoa soberan du. Atzoko partidako lehen zati osoa presionatzen pasatu zuen, baina fruiturik jaso gabe. Tira, ia jaso gabe, 43. minutuan Keko Gontanek penalti garbia egin zuelako baloia besoarekin ukituta. Athletic dagoen egoeran ez da erraza baloia besapean hartu eta puntura joatea, bada Adurizek ez zuen zalantzarik izan. Gironaren aurka odol hotz ikastaro bat eman zuen jaurtiketa Panenka erara jaurtiz, eta atzo beste bat eman zuen abiada hartu gabe jaurtikiz. Oin bat baloiaren alboan utzi, eta bestea mugituz bakarrik bidali zuen baloia sareetara. Aurrelaria perfume ona bezalakoa da: tanta batekin, aski.  
Bigarren zatia ezberdina izan zen. Athleticen presioa ez zen hain eraginkorra izan. Nekearen eta beldurraren eragina zen, eta Valladolid errazago iritsi zen area ertzera. Arriskua sortu zuen, baina ez aukera argi-argirik. Beldur giroa, baina, nabarmen barreiatu zen harmailetan. Gerturatzen zen aldiro San Mames ito egiten zen. Eta azken jokaldian jo zuen kolpea, hein handi batean Dani Garciak area barruan orpoz gaizki urrundutako baloi baten ondorioz. Jokaldia nahasia izan zen, eta Planok aldaratze bat baliatu zuen banakoa sartzeko. Jokoz kanpo zegoela zirudien, epaileak VARari kasu egin zion, baina Dani Garciak, zelaitik kanpo, legezko bilakatu zuen gola. Horretan ere krudela izan zen amaiera

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna