Biblioteka eta artxiboa

Azkueren lan argitaratuak digitalizatu ditu Euskaltzaindiak

1888 eta 1951 bitartean Resurrecion Maria Azkuek argitaratutako 922 idazlan katalogatu eta digitalizatu dituzte. Besteak beste, Ardi galdua eleberriaren edizio berria ere ondu dute.

Azkueren lanen digitalizazioaren aurkezpena.
Azkueren lanen digitalizazioaren aurkezpena. Marisol Ramirez/Foku

Hodei Iruretagoiena -

2018ko abenduak 26

Euskaltzaindiaren lehen urratsei lotua dago Resurrecion Maria Azkueren bizitza (Lekeitio, Bizkaia; 1864-1951). Akademiaren sortzaileetakoa izan zen, 1918an, eta euskaltzain osoa eta erakundeko burua, zendu zen arte. Hizkuntzalari aritzeaz gain, idazle eta folklore ikertzaile handia izan zen Azkue. Horren lekuko dira 1888 eta 1951 bitartean argitaratutako ehunka idazlan.

Horiek guztiak bildu, katagolatu eta digitalizatu egin ditu orain Euskaltzaindiak —haren webgunean kontsulta daiteke artxiboa—, Azkueren "izena eta izana (bir)gogorarazteko" eta haren lana gizarte osoaren esku jartzeko, Andres Urrutia euskaltzainburuaren hitzetan. Asmo horixe nabarmendu du Bizkaiko Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbaok ere: "Gaur aurkezten dugun digitalizazioari esker, haren ekoizpen intelektual-kulturala, ahozkoa zein idatzizkoa, edozein pertsonaren eta, batez ere, datozen belaunaldien esku geldituko da oso- osorik". Jakin Fundazioa arduratu da katalogatze eta digitalizatze lanaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Digitalizatutako lanetatik, artikuluak dira gehienak (742), baina badira lan mardulagoak ere. Besteak beste, 32 liburu enblematiko bildu dituzte, beste 54 liburu, 23 liburuxka, 27 liburu zati, hamar itzulpen, eta berrargitalpen eta egokitzapen ugari ere bai. Bereziki, lau lan nabarmendu dituzte liburuen artean: Diccionario vasco-español-francés: 1905-1906 (Egilea; Paul Geuthner. Bilbo; Paris); Cancionero popular vasco: 1922-1925 (Boileau & Bernasconi. Bartzelona); Morfología vasca: 1925 (Editorial Vasca. Bilbo); eta Euskalerriaren yakintza: 1935-1947 (Espasa Calpe. Madril).

Proposamen aitzindari bat

Lan berezien artean, aipatu beharrekoa da Azkueren Ardi galdua eleberria (1918). Ehun urte bete ditu aurten, eta Euskaltzaindiko kideek nabarmendu dute "euskara estandarizatu baten lehen proposamena" izan zela hura —euskara batuak 50 urte bete ditu aurten—. Izan ere, "euskara baturako egokien" zekusan eredua jaso zuen Azkuek lan hartan, Euskaltzaindiaren arabera: "Gipuzkera osotua; hau da, oinarri, gipuzkera, eta gainerako euskalkiak osagarri". Elixabete Perez Gaztelu euskaltzain urgazlea eta Ana Toledo euskaltzain osoa arduratu dira edizio berria atontzeaz.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna