Aurten gehien irakurriak: irakurleen begirada askotarikoa

BERRIAren irakurleen askotariko interesen ispilua da 2018an sarean gehien irakurritako artikuluen zerrenda, eta bada, era berean, urtean zer gertatu den berrikusteko modu bat ere. Gehien irakurritako 60 artikuluak orrialde berezi batean bildu ditu BERRIAk.

2018an BERRIAren webgunean gehien irakurritako artikuluak biltzen dituen orrialde bereziaren irudia.
Pello Urzelai.
2018ko abenduaren 27a
14:59
Entzun

BERRIAren irakurleen begiraden aniztasuna islatzen du 2018an gehien irakurritako artikuluen zerrendak. Haiek guztiak bildu ditu BERRIAk orrialde berezi batean, egunean-egunean gehien irakurritakoekin egiten duen antzera. Zerrendan, argi ageri da zerk bildu duen oihartzuna, zerk sortu duen harridura, zerk bereganatu duen arreta, zer partekatu den... BERRIAk 2018an kontatu duenaren laburpen moduko bat da, irakurleen begien galbahetik pasatua. 

Heriotzek toki berezia izan dute. Izan ere, Aitor Sarasua bertsolari eta bertsozalearen, Xabier Rey presoaren eta Joxan Artze poetaren heriotzek arrasto sakona utzi dute BERRIAren irakurleen artean. Horiekin batera nabarmendu dira Hondarribiko alardea, MTV sarien harira antolatutako kontzertu baten kronika, euskararekin eta ETBrekin lotutako gai batzuk, eta Intxaurrandieta eta Errazkinen kasua. Zehazki, hauexek dira gehien irakurritako hamar artikuluak:

1.Aitor Sarasua hil da (2018-11-15)

2.Xabier Rey Urmeneta euskal presoa hil da Puertoko espetxean (2018-03-06)

3.Azken urteetako desfilerik gogorrena egin du Jaizkibelek (2018-09-08)

4.Joxan Artze hil da (2018-01-12)

5.Ondarroakoa edo batua? (2018-01-31)

6.'Denak ez du balio' MTVn (2018-11-04)

7.Lujanbio eta Messi elkartu ziren Anoetako ohorezko sakean (2018-01-15)

8.ETB1ean arazoa ez da euskara (2018-11-04)

9.ETBko erredakzio kontseiluak uste du Iñaki Anasagastiren hitzak "onartezinak" direla (2018-05-24)

10.Auzitegiek arrazoia eman diete Intxaurrandieta eta Errazkini (2018-10-10)

Oihartzun handia lortu duten artikuluen artean, oso gai eta genero ezberdinak agertzen dira. Alde batetik, albiste hutsak: ETAren amaieraren iragarpena, Gure Esku Dago-k antolatutako giza katea, Ciudadanosek Altsasun egindako ekitaldia eta Jon Barcena gaztearen heriotza. Beste batetik, lekukotasunak: Txan Magoak txikitan jasandako abusuak, eta aita preso duen Xochitl Karasatorre gaztearen bizipenak. Iritzi artikulu ugari ere ageri dira zerrendan, eta, haien artean, Miren Amuriza eta Onintza Enbeitaren zenbait zutabe nabarmentzen dira. 2018an gehien irakurritakoen zerrenda ikusgai dago orrialde berezi batean. 

Ikustaldi kopuruaren arabera egin ordez irakurketa denboraren arabera sailkatuz gero, oso zerrenda ezberdina osatzen da. Lehen bi tokietan, ETAren amaierarekin lotutako bi elkarrizketa ageri dira. Lehenik, Mertxe Galdosi eginikoa: «Ezker abertzalekoak ez ziren nafar-nafarrak ere izan genituen laguntzen» (7 minutu eta 32 segundo). Bigarrenik, Eloi Uriarteri egindakoa: «Herri hau motelago iratzarriko zen ETAgatik izan ez balitz» (7 minutu eta 28 segundo). Hirugarrena ere beste elkarrizketa bat da, Txema Auzmendiri egindakoa: «Niretzat, sufrikarioa zen Kubako askatasunik eza» (7 minutu eta 7 segundo). 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.