Migratzaileak

'Open Arms' ontzia Espainian lehorreratu da, 300 migratzaile daramatzala

Italiak eta Maltak uko egin zioten 300 migratzaile baino gehiago erreskatatu dituen ontzia hartzeari. Gaur lehorreratu da, Cadizko portuan, Proactiva Open Arms erakundearen ontzia.

Open Arms ontzia, gaur, Andaluziako (Espainia) Crinavis portuan. A.CARRASCO RAGEL, EFE.
2018ko abenduaren 28a
09:56
Entzun

Goizeko bederatziak jotzerako iritsi da Proactiva Open Arms gobernuz kanpoko erakundearen ontzia Espainiako kostara. Mediterraneoan erreskatutako 311 migratzaile zeramatzan, eta Cadizko (Andaluzia) Crinavis portuan lehorreratu da azkenean. Aurrez, Italiari eta Maltari ere eskatu zioten haien lurretan sartzeko baimena, baina ukatu egin zioten. Open Arms ontziko arduradunek joan den astean baieztatu zuten Madrilek ez ziela trabarik jarriko.

Itsasoan erreskatatu dituzten migratzaileetatik, adingabeak dira gehienak: 179. Oinarrizko laguntza jaso ondoren, inguruko zentroetan sartuko dituzte. Atzerritarren behin-behineko harrera zentroa abuztuan ireki zuten Crinavis portuan, eta 9.000 migratzaileri baino gehiagori egin die harrera geroztik —%15 inguru, helduen laguntzarik ez zuten adingabeak—.

Aurten, lehen aldiz, migratzaile gehiago iritsi dira Espainiara Italiara baino, nahiz eta, oro har, behera egiten ari den kopurua. IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen datuen arabera, uztailera arte 18.061 errefuxiatu iritsi ziren aurten Espainiako portuetara; haietatik 10.000, ekainean. 2017an, berriz, 6.500 migratzaile lehorreratu ziren Espainiako portuetan. Italian, berriz, alderantzizko joera izan dute: aurten, uztailera arte,17.827 pertsona iritsi dira Italiara, eta iaz, 93.237.

Lehorrera iristeko ahaleginean, 2.381 migratzaile hil ziren itsasoan 2017an. Munduko itsasoetan hildako migratzaileen erdiak baino gehiago dira.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.