Euskal presoak

Sarek ziega bat paratu du Iruñean, presoen egoera salatzeko

Reyes Ilintxeta eta Martxelo Diaz kazetariek, Anabel Arraiza aktoreak eta LAB, ELA, EHNE eta EH Bilduko kideek parte hartu dute egitasmoan.

Anabel Arraiza aktorea, Orain Presoak dinamikak jarritako ziegaren barruan.
Anabel Arraiza aktorea, Orain Presoak dinamikak jarritako ziegaren barruan. ION ORZAIZ

Ion Orzaiz -

2018ko abenduak 28

Zortzi metroko ziega bat jarri du Sare mugimenduak, Orain Presoak dinamikaren barruan, Iruñeko Sarasate pasealekuaren erdian. Begirada bat barrutik egitasmoaren xedea da presoen egoera islatzea eta, adli berean, Espainiako eta Frantziako gobernuek duten "salbuespenezko espetxe politika" salatzea.

Reyes Ilintxeta Euskalerria irratiko kazetaria izan da ziegan sartzen lehena, eta aukera baliatu du Miren Zabaleta eta Arantza Santesteban preso ohiei zuzenean elkarrizketatzeko. Horren ostean sartu dira Anabel Arraiza aktorea, Amaia Izko abokatua eta Martxelo Diaz Gara-ko kazetaria. Datozen orduetan sartzekoak dira Miguel Angel Llamas Pitu Ahotsa.info-ko kazetaria eta LAB, ELA, Sasoia, Arrazoiak, EHNE, Gazteak-Zabaldi, EH Bildu, Hutsun Txalaparta, Etxerat eta Iruñeko peñen ordezkari bana.

Bihar ere jarriko dute ziega, 10:00etatik 14:00etara, eta eragile hauek parte hartuko dute: Julio Soto bertsolariak, Txema Esteban marrazkilariak, Joxerra Senar BERRIAko kazetariak, Joseba Santamaria Diario de Noticias-eko zuzendariak, Ana Fernandezek, Salhaketako ordezkari batek eta Sortuko beste batek.

Eskuinaren boikot saialdia

PPko legebiltzarkide Ana Beltran ekitaldia boikotatzen saiatu da. Agerraldia aldez aurretik iragarri die hedabideei, eta PPko beste zenbait ordezkarirekin azaldu da Begirada bat barrutik egitasmoa zegoen tokian, Sareko kideak hasiera ekitaldia egiten ari ziren une berean. Beltran kazetarien arreta erakartzen saiatu da, eta, aurkezpen ekitaldia bukatu aurretik, ozen hitz egiten hasi da. Orduan, Maider Ansa musikaria abesten ari zen ziega barruan, eta bozgorailuetatik ateratzen zen musikak erabat estali dio diskurtsoa Beltrani. Haserre, PPko buruek metro batzuk atzeratzea erabaki dute, eta zebrabidearen ondoan egin behar izan dute prentsaurrekoa. Han, Beltranek Iruñeko Udalari egotzi dio "ETAren biktimentzat umiliagarria den ekitaldi horren ardura", baina baita Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi ere, "egiten uzteagatik".

Beltranen boikot saioaz gain, "ETAren biktima" gisa identifikatutako 50 bat pertsonak elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aldamenean, Orain Presoak dinamikarengatik protesta egiteko.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna