EUSKAL PRESOAK

Presoen alorrean "banakako" pausoak ematen jarraituko du Sanchezek

Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du "datozen hilabeteetan" zehar gauzatuko dela eskumenen transferentzia.

Pedro Sanchez, Ministroen Kontseilu osteko agerraldian. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
jon olano
2018ko abenduaren 28a
14:10
Entzun

Urteko azken Ministroen Kontseilua egin du gaur Espainiako Gobernuak, eta ondoren eman ditu azalpenak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Euskal presoei ezarritako espetxe politikaz galdetuta, ohartarazi du ez duela aldaketarik egingo, eta "espetxe legeria argia" dela; beraz, "banakako" pausoak ematen jarraituko du Madrilek.

Espetxeetako Instituzioek azarotik sei euskal preso gerturatu dituzte Euskal Herrira, eta, gaurkoekin, bederatzi hurbilketa iragarri. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioaren pean dagoen erakundea da.

1979ko estatutuan jaso bai baina oraindik Espainiako Gobernuaren esku dauden eskumenen eskualdaketaz galdetuta, Sanchezek esan du bere gobernuak "bokazioa" duela transferentzia "gehienak" gauzatzeko —Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren kudeaketa negoziazioetatik kanpo utzi zuten—, baina ohartarazi du "hilabeteak" beharko dituztela horretarako.

Eskualdaketa horiek zehazteko, egutegi bat aurkezteko eskatu zion Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari. Urte amaierarako epea jarri zion horretarako, baina epe hori ez du beteko Madrilek.

Bestalde, Espainiako aurrekontuak onartzeko eta legealdia osorik amaitzeko borondatea adierazi du Sanchezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.