Egipto

Gizako piramideetara zihoan autobus bati eraso diote lehergailu batekin

Egiptoko Barne Ministerioaren arabera, gutxienez bi turista hil dituzte atentatuan.

Atentatua Egipton.
Atentatua Egipton. Mohamed Hossam/EFE.

Berria -

2018ko abenduak 28

Egiptoko Gobernuak adierazi duenez, Gizako piramideetatik gertu, bide bazterrean zegoen lehergailu bat zartarazi dute turisten autobus bat ondotik igaro denean. Barne Ministerioak jakinarazitako lehen datuen arabera, bi pertsona hil dituzte, eta hamalau inguru zauritu dituzte. Iturri horren arabera, hildako eta zauritu guztiak Vietnamgo herritarrak dira.

Kairotik hurbil dago Giza, eta Egiptoko gune turistiko nagusietako bat da.

2011ko matxinadaz geroztik handitu egin da Egipton muturreko talde islamisten atentatu kopurua. Gehienbat estatuko indarrak eta gutxiengo koptoa izan dituzte jomugan. Duela bi urte egin zuten turisten aurkako azken erasoa. Helburu hori izan duen atentaturik handiena, berriz, 1997an egin zuten, Luxorren. 62 pertsona hil zituzten, gehienak atzerriko turistak.