Gizartea

Marokok bi euskal ekintzaile kanporatu ditu Mendebaldeko Saharatik

Hassanna Aalia ekintzaileak jakinarazi du berria; esan du bi andreei ez dietela eman kanporatzeko motiboen berri.

Arantxa Iraola -

2019ko urtarrilak 1

Elkartasuna erakusteko asmoz bisitan joanak ziren Patricia Ibañez eta Irati Tobar Mendebaldeko Saharara, Aaiunera. Hassanna Aaalia ekintzaileak adierazi du bi emakumeak bere sendiarekin zeudela, familiaren etxean. Atzo izan zen jazoera: eskatu zituzten kanporaketaren motiboaren gaineko argibideak bi andreek eta Aaliaren ingurukoek, baina ez zuten deus jaso: polizia etxe batera eraman zituzten aurrena eta galdekatu egin zituzten gero Aaiuneko iparraldeko kontrol gune batean. Bertan ezin zutela jarraitu esan zieten han. Taxi batean sartu kanporatu egin zituzte. Agadir hirira eraman zituzten, Marokora. Hantxe dira gaur bi ekintzaileak. "Ondo" daudela adierazi du Tobarrek, baina bisita eten beharrak asko nahigabetu dituela.

Bi ekintzaileak beren kaxara joanak ziren Mendebaldeko Saharara. Tokiko egoera bertatik bertara ezagutu nahi zuten, eta elkartasuna erakutsi nahi zuten. Tobarren arabera, lehen unetik sentitu zuten Marokoko Poliziaren jazarpena. "Zelatan ibili dira".

Aaaliak adierazi du lehengo ostiraletik zeudela bi euskal ekintzaileak bere familiaren etxean.