Lan gatazka

Lanuzteekin hasi dute urte berria Bilbobusen

Goizean, lau orduko lanuztea egin dute, eta, arratsaldean, beste bi orduz etengo dute jarduna. Lanuzteak iragarri dituzte urtarrilaren 7, 10, 14 eta 17rako. Eta 21etik aurrera, berriz, greba mugagabeari ekingo diote enpresarekin akordiorik lortzen ez badute.

Bilbouseko langileen manifestazio bat, 2018ko azaroaren 20an, Bilbon. BRUNO ZUBIZARRETA
2019ko urtarrilaren 2a
17:15
Entzun

Langile batzordeak azaldu duenez, Bilbobuseko behargin guztiek egin dute bat lanuztearekin. Jarduna 07:30etik 11:30era eten dute, eta manifestazioa egin dute Bilbon, Termibus geltokitik Moyua plazara, eta handik Elorrietara. Arratsaldean ere zerbitzua emateari utziko diote, 17:30etik 19:30era, eta manifestazioa egingo dute, goizeko ibilbide berberean. Hainbat lan hobekuntza jasoko dituen hitzarmen berri bat eskatzen diote Beobide enpresari.

Joan den astean, langileek baztertu egin zuten CCOOk, UGTk eta USO sindikatuek —langileen gehiengoa ordezkatzen dute— Beobide enpresarekin sinatu zuen akordiorako oinarria. Hiru orduko eztabaidaren bukaeran, 233 beharginek aurka bozkatu zuten; 208k, alde. Mobilizazioekin jarraitzea erabaki zuten.

Langileek elkarretaratzeak egingo dituzte bihar, 09:00etan eta 19:00etan, Bilboko udaletxearen parean.

Bizkaibuseko hainbat lineatako langileak ere protestan dabiltza abendu hasieratik. Akordiorik lortu ezean, urtarrilaren 8an jarraituko dute lanuzteekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.