Mexiko

Lopez Obradorren alderdiko alkate bat hil dute Oaxacan, aginte makila eskuratu eta ordubetera

Alejandro Aparicio Tlaxiaco udalerriko alkate izendatu berria hil dute, Oaxaca estatuan. Kargua hartu ondoren udalerriko kaleak zeharkatzen ari zela hil dute, tiroz.

Alejandro Aparicio, Tlaxiaco aginte makila eskuan duela.
2019ko urtarrilaren 2a
17:15
Entzun

Mexikoko Fiskaltzak baieztatu du Poliziak atxilotu egin duela Aparicioren ustezko hiltzailea. Hautetsiak bere gain hartu berria zuen Tlaxiaco herriko alkate kargua; udaletxera bidean zihoan, herriko kaleetan zehar, eta tiro bat eman diote. Larri zaurituta eraman dute ospitalera, eta bertan zendu da.

Haren taldeko bi zinegotzi ere zauritu dituzte erasoan. Aparicio Morena alderdiko kidea zen; Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidentearen alderdi berekoa.

Alejandro Murat Oaxacako gobernadoreak erasoa gaitzetsi du, eta jakinarazi du hilketa argitzeko ikerketa agindu duela. Azaldu duenez, fiskaltzak adierazi dio Poliziak ustezko hiltzailea atxilotu duela. Alkatearekin zirenek harrapatu dute.

Morena alderdiko presidente Yeidckol Polevnskyk Lopez Obradorren gobernuak bultzatu nahi dituen aldaketen kontrako erasotzat jo du Aparicioren hilketa. Haren esanetan, "gorrotoak eta indarkeriak" ez dute geldiaraziko Lopez Obradorrek iragarritako aldaketa politikoa.

Hain justu, Mexikoko presidenteak agintaldi hasierarako ezarri zituen lehentasunen artean da herritarren segurtasuna handitzea.

Lopez Obradorren agintaldian eraildako bigarren alkatea da Aparicio. Haren aurretik, abenduaren 16an, Olga Kobel Coahuilako (Juarez) alkatea hil zuten. PRI alderdiko hautetsia sei egunez egon zen desagertuta, eta indarkeria zantzuekin aurkitu zuten haren gorpua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.