Izar uxoak

Gabonak zerura begira, hasi eta buka

Kuadrantidak esaten zaien izar uxoen zaparrada izaten ari da egunotan. Ostegun gauean izango dira izar uxo gehien, eta behaketarako baldintza onak espero dira.

Kuadrantiden irudi bat. PEDRO PUENTE HOYOS, EFE
2019ko urtarrilaren 2a
14:36
Entzun

Zerua oskarbi eta ilberria hurbil. Baldintza onak ostegun gauean Kuadrantiden izar uxoez gozatzeko. Joan den abenduaren 28tik urtarrilaren 12ra arte izango da izar jasa, baina bihar gauean ikusiko dira izar uxo gehien. Zeruan ostarte zabalak izango direla iragarria du Euskalmetek gaur horretarako. Eta, gainera, igandean izango da ilberria. Horren ondorioz, ilargiak ez du argi askorik islatuko, eta gaua ilun egongo da. Zerua behatzeko aproposa.

Kuadrantidak urteko izar-uxo zaparradarik garrantzitsuenetakoak dira, abuztuan izaten diren Pertseidekin eta abenduko Geminidekin batera. Orduko 120 meteoro ere izan daitezke.

Urteko sasoi honetan, Lur planetak 2003 EH1 asteroidetik askatutako hondar eraztun bat zeharkatzen duelako gertatzen dira Kuadrantidak. Hondar horiek asteroidetik askatutako zati txikiak dira, milimetro batzuk edo zentimetro gutxi batzuk neurtzen dituztenak. Lurrak eraztun hori zeharkatzen duenean, meteoroide txiki horiek su hartzen dute gure planetaren atmosferan sartzen direnean, airearekin duten marruskaduraren ondorioz. Su hartzean, argia egiten dute, eta horregatik ikusten ditugu izarren antzera. Normalean, lurrazaletik 100 kilometrora erretzen dira.

Kuadrantiden izar uxoak zeruan topatzeko, Itzain konstelaziora zuzendu behar da begirada, Hartz Txikiaren isatsetik gertu. Inguru horretan ikusiko ditugu aurretik kometa izandako 2003 EH1 asteroidearen hondarrak, sutan.

Izar uxoen zaparrada naturaren ikusgarritasunaz gozatzeko plan ederra izan daiteke Eguberri egunen amaierarako, hain justu, Eguberriak zerura begira hasi ditugun aldian. Izan ere, abenduaren 22an, distira handi batek zeharkatu zuen Euskal Herriko zerua. Bolido bat izan zela uste dute adituek. Bolido bat Lurretik kanpoko gorputz bat da, asteroide, meteroide edo kometa batek Lurraren atmosferarekin talka egitean eztanda egin eta distira handia hartzen duena. SPMN221218 izenarekin bataiatu dute.

Sareetan harridurak eragindako hainbat testigantza ekarri zituen ezusteko gertakariak. Batzuek argi bola bat ikusi zuten, beste batzuek burrunba bat entzun. Nafarroako Unibertsitate Publikoko kamera batek harrapatu zuen bolidoa irudi batean.

Zientzialariek testigantzak bildu dituzte bolidoaren gaineko xehetasun gehiago argitu nahian. Besteak beste, zein garaieratan desegin zen jakin nahi dute. Lurrazaletik 50 kilometro baino gutxiagora lehertu bazen, litekeena da lurrazalera meteoro gisa zatiren bat iritsi izana, eta hura aztertzea interes handikoa izan daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.