Gaztetxeak

Donostiako Parte Zaharreko gaztetxea defenditzera deitu dute ostiralean, manifestazio batekin

Kijera gaztetxeak husteko mehatxua jaso duela ohartarazi dute. Alegazioak aurkeztu dituzte, baina "erresistentzia" egiteko prest daudela ohartarazi diote udalari.

Kijera gaztetxearen helegiteen alde sinadurak biltzen. IñAKI AGIRRE - IRUTXULOKO HITZA
2019ko urtarrilaren 2a
20:41
Entzun

Gaztetxearen ordezkariek jakinarazi dute abenduaren 26an udaltzainen bisita jaso zutela. Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Donostiako Udalak presazko izapideak hasi zituen, gaztetxea husteko. Bost eguneko epea utzi zieten, helegiteak aurkezteko. Gaztetxea edozein momentutan husteko arriskuan dagoela esan dute.

Ostegun honetan prentsaurrekoa egin dute dozenaka lagunek, udaletxearen atarian. Azaldu dute helegiteak aurkeztu dituztela, baina ez zaiela zentzuzkoa iruditzen hamabi urtez itxita eta utzita egon den eraikin bat husteko orain halako "presa" edukitzea.

Helegiteak aurkeztu badituzte ere, udalak erantzun egokirik emango dien esperantzarik ez dutela adierazi dute, eta "erresistentzia" egiteko prest daudela ohartarazi; horretarako txandak antolatzen hasi dira. Ostiral honetan, 19:00etan, manifestazio bat ere egingo dute, Plaza Berritik abiatuta.

Irail hasieran, Parte Zaharreko Kapandegi kaleko eraikin bat okupatu zuen Parte Zaharreko Gazte Asanbladak. Kijera izena jarri zioten gaztetxeari, 1979an Espainiako Poliziak tiroz hil zuen gaztearen omenez —Iñaki Kijera deitzen zen—. Urte askoan Orixe ikastolarena izan zen eraikin hori, baina hamarkada oso bat itxita zeraman.

Liburutegia, jantokia, umeek jostatzeko gela bat, bilerak egiteko lekuak... antolatu dituzte hilabeteotan, eta auzoari bizitza eman diotela argudiatu dute gazteek. "Sortu diren eta sortzeko bidean dauden proiektu hauek guztiek beharrezkoa dute espazio hau, eta horregatik ez gara hemendik mugituko. Kijera gure etxea bihurtu da, gure esperantzak eta ametsak egia bihurtzeko espazioa bihurtu da, mundu berria eraikitzeko beharrezko tresna".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.