Naval

Langileek ohartarazi dute "konponbideak" aurkezten dituenari emango diotela botoa maiatzean

Ahalegina egiteko eskatu diete alderdi politikoei, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ontziola eros dezaten.

Navaleko langileen elkarretaratzea, gaur, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren parean. ARITZ LOIOLA, FOKU
2019ko urtarrilaren 3a
18:57
Entzun

Navaleko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Bilbon, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren parean. Ontziolarentzako irtenbide bat bilatzeko konpromisoa eskatu diete foru gobernuari eta Jaurlaritzari. Enpresaren etorkizuna bermatzeko ahalegina egin dezatela galdegin diete alderdi politikoei ere. "Batzuek beste batzuek baino gehiago; batzuk gobernatzen ari baitira, eta beste batzuk oposizioan baitaude. Baina denek estutu behar dute". Aditzera eman dute hala egin ezean ez dutela langileen botorik jasoko maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan. Ohartarazi dutenez, langileek argi dute "konponbideak" proposatzen dituenaren alde bozkatuko dutela.

Langileen esanetan, Navalentzako irtenbidea ez da konkurtsoko administratzaileak eta agintariek proposatzen dutena. Azaldu dute langileak kaleratzea eta inbertitzaile batek ontziola beharginik gabe erostea dela proposatzen dietena. Nabarmendu dute, ordea, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ontziola langile guztiekin erostea dela konponbidea. Juanjo Llorden komiteko idazkari nagusiak ziurtatu du neurria gauzagarria dela eta gezurra dela ezin dela egin. Horretarako "borondatea" behar dela gaineratu du.

Datorren astea "garrantzitsua" izango da, Llordenen esanetan. Urtarrilaren 10ean, SEPI Espainiako Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietatea eta UGT eta CCOO sindikatuak bilduko dira. Hurrengo egunean, negoziazio mahaiko hirugarren bilera egingo dute Navaleko langileen komiteak, Espainiako Industria Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek. Bilera horretatik "konpromisoak" espero ditu komiteko idazkariak.

Datorren asteazkenean, hilak 9, kontsulta epearen barruko bilera bat egingo da. Urtarrilaren 12an amaitzen da kontsulta epea. Ordurako konponbiderik ez bada, langileak kaleratuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.