EUSKAL PRESOAK

Iparraldeko alderdi gehienek bat egin dute Baionako martxarekin

PS, EH Bai, EAJ, EELV Berdeak, Modem, Frantzia Intsumisoa, UDI eta Generationek adierazi diote sostengua presoen aldeko manifestazioari.

Orain Presoak dinamikak urriaren 20an Donostian eginiko manfestazioa.
Orain Presoak dinamikak urriaren 20an Donostian eginiko manfestazioa. Jon Urbe / Foku

Jon O. Urain -

2019ko urtarrilak 4

Bihar zortzi egingo dituzte euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioak Baionan eta Bilbon, eta Lapurdiko hiriburuko martxari babesa adierazi diote PS, EH Bai, EAJ, EELV Berdeak, Modem, Frantzia Intsumisoa, UDI eta Generationek. Ohar bateratu bat argitaratu dute, eta bertan ohartarazi oraindik ez direla lortu "bake justu eta iraunkor baterako baldintzak".

Uste dute, ETA armagabetu eta desegin ondoren, presoen egoerari heltzeko unea dela: "Presoen egoera eta biktima guztien sufrimendua kontuan hartzea ezinbesteko baldintzak dira Euskal Herrian bake indartsu eta iraunkor bat plantan ezartzeko". Erantsi dutenez, ez dituzte "iraganeko zauriak" alde batera utzi nahi, baina etorkizuna "modu lasai eta bare batean eraiki" nahi dute.

Urtarrilaren 12ko mobilizazioak babesten dituztenen zerrenda luzatzen ari da egunez egun. Asteazkenean, Bizkaiko hainbat lagun ezagunek bat egin zuten Orain Presoak dinamikarekin, eta beste hainbeste egin zuten Arabako 80 bat lagunek joan den larunbatean. Atzo, Bizi mugimendu ekologistak atxikimendua eman zion Baionako martxari.

17:00etan abiatuko da Baionako martxa Errepublikako plazatik, tren geltoki paretik. Ordu berean irtengo da Bilbokoa, Casillatik. Bietan, Orain presoak leloa eramango dute manifestazio buruan.