Maravillas gaztetxeko kideak kanporatzeko "beste ahalegin bat" salatu dute

Udalak epaitegietan eskaera aurkeztu du foruzaingorein eta teknikariekin batera eraikinean sartzeko, "gaztetxeko kideek eragindako kalteak neurtzeko" argudioarekin. Antza, bizilagun batek salatu du lanak egiten aritu direla Rozalejo Jauregi barruan.

Maravillas gaztetxea, artxiboko argazki batean. /
Maravillas gaztetxea, artxiboko argazki batean. / Iñigo Uriz/Foku

Arantxa Elizegi Egilegor -

2019ko urtarrilak 4

"Kanporatze biguna" egin nahi izatea egotzi diete Maravillas gaztetxeko kideek Uxue Barkosen exekutiboari. Sare sozialetan zabaldu dutenez, joan den urtarrilaren 2an epaitegiaren ohar bat jaso zuten jakinaraziz Nafarroako Gobernuak baimena eskatu zuela foruzaingoa eta teknikari talde bat eraikinean sar zitezen, gazteek "eragindako kalteak" aztertzeko.

Maravillaseko kideek azaldu dutenez, salaketa anonimo batean oinarritu du exekutiboak eskaera. Haren arabera, gaztetxean "hotsak" entzun dira azken egunetan, "lanean ariko balira bezala". Baina eurek gezurtatu dute eraikinaren azpiegituretan inolako aldaketarik egin izana, eta kalterik bada hogei urtez hutsik egon izanaren ondorio izan dela nabarmendu dute. "Sartu ginen unetik garbiketa lanak egin ditugu eta eremuak atondu ditugu. Zegoena baino askoz hobeto dago orain", adierazi dute.

Bide batez, gogorarazi dute joan den abuztuaren 17an eraikina hustu zutenean, hainbat teknikari sartu zirela jauregiaren egoera aztertzeko eta jasotako informazioarekin txostena aurkeztu ziotela exekutiboari: "Ez dugu ulertzen zergatik duten orain eraikinean berriz sartzeko halako presa".

"Gaztetxearen hasieratik bertatik prest egon gara Gobernuarekin hitz egiteko, eta behin baino gehiago proposatu diegu bidal zitzatela teknikari edo arkitektuak egoera ikusi eta egindako hobekuntzak aztertzeko. Baina gonbidapenak ukatzeaz gain, orain indarrez sartu nahi dute foruzaingoaren laguntzarekin", salatu dute gaztetxeko kideek.

Gobernuaren eskaera "aitzakia" dela salatu dute, argudio teknikoak aurkeztuta "gaztetxea itxi eta haiek kanporatzeko helburuarekin" egindakoa. Hala, ohartarazi dute "errepresioari aurre" egingo diotela, "datorren lekutik datorrela ere".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna