EUSKAL PRESOAK

Garikoitz Aspiazu presoaren senideek istripu bat izan dute

Bikotekideak eta 23 hileko semeak izan zuten ezbeharra. Onik daude biak.

Etxerat-ek elkarretaratzea egin zuen iazko apirilean, Ibon Goieaskoetxea presoaren senideen istripua salatzeko.
Etxerat-ek elkarretaratzea egin zuen iazko apirilean, Ibon Goieaskoetxea presoaren senideen istripua salatzeko. Aritz Loiola / Foku

Jon O. Urain -

2019ko urtarrilak 5

Garikoitz Aspiazu euskal presoaren bikotekideak eta haien 23 hilabeteko semeak auto istripu bat izan zuten Urteberri egunean, Arlesen (Okzitania), Aspiazuri bisita egin ostean, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Arlesen bertan dago preso, sorterritik 665 kilometrora. Beste auto batek Aspiazuren senideak zihoazen ibilgailua jo zuen; onik irten ziren biak, eta bidaia jarraitu ahal izan zuten.

Etxerat-ek gogorarazi du presoei bisitan joateagatik 2019an izandako lehen ezbeharra izan dela eta zazpi istripu gertatu zirela iaz. Elkarretaratzera deitu du: astelehenean, Iruñean, Gobernu Zibilaren egoitza aurrean (20:00); asteartean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan (19:30) eta Bilboko Arriaga plazan (19:30); eta, asteazkenean, Donostiako Bulebarrean (19:00).

Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak elkartasuna adierazi die Aspiazuri eta istripua izan zuten senideei, eta Frantziako eta Espainiako gobernuen espetxe politika arbuiatu du, presoen "izaera politikoari uko egin diezaioten erreminta zikina delako".

Aspiazu da Arlesen dagoen euskal preso bakarra, eta, beraz, urrunduta eta bakartuta daukate. AEMen arabera, bi ondorio ditu horrek: "Batetik, senideen huste ekonomikoa areagotzea, bidaiak beste inorekin partekatu ahal ez izateagatik, eta, bestetik, presoaren bakartze politikoan sakontzea". Gainera, salatu du Frantziak "preso politikoen arteko ezberdintasun argia" egiten duela, "onen eta txarren arteko ezberdintasunaren argudioa berriz aireratuz eta hurbildu dituztenen aurkako mehatxua mantenduz".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna