Euskal presoak

Preso eri guztiak baldintzarik gabe aske uzteko eskatu du Jaiki Hadi elkarteak

Gaur egun 21 dira gaitz larriak eta sendaezinak dituzten euskal presoak. Duela 11 urte, kartzelan 500 preso gehiago egon arren, bederatzi.

Jaiki Hadi mediku elkarteko kideak, gaur, Hernanin.
Jaiki Hadi mediku elkarteko kideak, gaur, Hernanin. BERRIA

Enekoitz Esnaola -

2019ko urtarrilak 7

Jaiki Hadi mediku elkarteak ohartarazi du urteak pasatu ahala handitzen ari dela gaitz larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen zerrenda. Hernanin (Gipuzkoa) emandako prentsaurrekoan jakinarazi du 21 presokoa dela zerrenda gaur-gaurkoz. Elkartea 2008an sortu zuten: orduan 765 preso zeuden eta, haietatik, bederatzi ziren egoera horretan zeudenak. Gaur egun 275 preso daude. Proportzioan ere, beraz, "asko" igo da preso erien kopurua. "Ikaratzeko moduko zifrak dira, eta espetxealdi luzeek, adinak eta espetxe politikek baldintzatzen dute". Zerrenda "edozein unetan" handitu daitekeela azaldu dute. Hala, preso eri guztiek baldintzarik gabe kalean egon behar dutela exijitu du elkarteak, eta arazoa "lehenbailehen konpontzeko" eskatu du. 

Elkartearen zerrendak "funtsa" daukala esan du Fernando Arburuak, eta gaineratu "aitzakia hutsa" dela Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak zerrenda egitean "zorroztasun" handiagoa eskatu izana. "Gure txostenak objektiboak dira". Gogoratu du pasa den asteburuan hil dela Juan Mari Maiezkurrena preso ohia —2017ko ekainean kaleratu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, biriketako minbizia zuela eta; Jaiki Hadik zerrendan zeukan—.

Zuhurtziaz hartu dute Espainiako Gobernuak 3/2017 agindua indargabetu izana. Ongi deritzo bi hilabeteko bizi iraupena kendu izana, baina agindu berria gauzatzean "txalotuko" du neurri berria. "Guk espero duguna da preso hauek kaleratzea", adierazi du Matti Iturraldek. "Giza eskubideetako irizpide denak betetzen dituzte kalean egoteko, eta baldintzarik gabe. Ez da bateragarria gaitz sendaezina duen preso bat kartzelan egotea". Haiekin ere estatuek "erabilera politikoa" egiten dutela salatu du. "Ezin da onartu hori, presoon bizia jokoan baitago".

Jaiki Hadik beste preso bat gehitu du gaitz larri eta sendaezinak dituztenen zerrendara: Gurutz Maiza. Patologia larriak ditu eta adin nagusikoa da. Harez gain, zerrenda publikora pasatu ditu, beraiek eskatuta, Kepa Arronategi eta Joseba Erostegi. Txus Martin, Aitzol Gogorza, Ibon Iparragirre, Jagoba Codo, Mikel Otegi, Gorka Fraile, Iñaki Etxeberria, Garikoitz Arruarte, Josetxo Arizkuren, Joseba Borde, Mikel Arrieta eta Ibon Fernandez ziren orain arte zerrenda publikoan zeudenak. Beste sei preso anonimatoan daude.

Osasunarekin jokatzen (BERRIA, 2019-1-5)
Jose Ramon Lopez de Abetxukoren elkarrizketa (BERRIA, 2019-1-5)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna