Gabondar Errepublika

Estatu kolpea ematen saiatu da militar talde bat Gabonen

Estatuaren irratia hartu dute militarrek, "kontseilu nazionala berrezartzeko" asmoa iragartzeko. Gobernuak adierazi du atxilotu egin dituela matxinatuak, eta "kontrolpean" duela egoera.

Ali Bongo Ondimba Gabondar Errepublikako presidentea, artxiboko argazkian
Ali Bongo Ondimba Gabondar Errepublikako presidentea, artxiboko argazkian

Berria -

2019ko urtarrilak 7

Ordu gutxi batzuk baino ez du iraun Gabonen militar talde batek egindako estatu-kolpe saiakerak, Guy-Bertrand Mapangou gobernuaren bozeramaileak eguerdian esandakoaren arabera: "Egoera kontrolpean dago eta hiru bat ordutan berrezarriko dugu normaltasuna". Mapangouk ziurtatu du atxilotu dituztela militar matxinatuak, eta AB Afrikako Batasunak ere gaitzetsi egin du ekinaldia. "Konstituzioaren aurkako botere aldaketa oro erabat baztertzen dugu", adierazi du Moussa Faki Mahamat ABko presidenteak.

Gaur goizean izan da estatu-kolpe saiakera. Urritik, herrialdetik kanpo dago Ali Bongo Ondimba presidentea; Riadera (Saudi Arabia) joan zen hasieran, eta Rabaten (Maroko) dago azarotik, gaitz batetik osatzen. Urtezahar egunean hitzaldi bat eman zuen handik, eta, matxinada saiakeraren buru egin duen Kelly Ondo Obiang militarrak kritikatu duenez, haren aginteari buruzko "zalantzak areagotu" zituen horrek: "Gaitasun fisiko eta mental handirik gabeko paziente bat agertu zuen". Gabonen aldeko eta Armadako Gazteria Abertzalearen Mugimenduko kide gisa aurkeztu du bere burua Ondo Obiangek, estatuaren irratia hartzean esan duenez, "kaos" egoerari aurre egin eta "kontseilu nazionala berrezartzeko" asmoz egin dute estatu kolpea. Oposizioko indarrek ere "botere hutsuneaz" ohartarazi izan dute azken asteetan.

Tokiko hedabideek azaldu dutenez, tiro hotsak entzun dira goizetik Libreville hiriburuan, eta ohi baino mugimendu handiagoa zuten militarrek. Gobernuak egoera "kontrolpean" duela esan du, baina berri agentziek ziurtatu dutenez, Internet ez dabil Librevileen, eta sare sozialak ere ez daude erabilgarri.

Ali Bongo Ondimba (1959, Kongo) 2009tik da Gabondar Errepublikako buru. Urte hartan hil zen Omar Bongo, Ali Bongoren aita, lau hamarkadaz Gabongo presidente izandakoa (1967-2009) —Gabondar Errepublikak 1960an deklaratu zuen Frantziarekiko independentzia—. Semeak hartu zuen kargua behin-behinean, eta hauteskundeetara deitu zuen ondoren. Bera izan zen garaile, nahiz eta oposizioaren hautagaiek iruzurra salatu. 2016an berriz egin zituzten bozak, eta emaitza estuekin irabazi zuen Bongok. Europako Batasunak ere kritikatu egin zuen prozesu haren zilegitasuna.