Foruzaingoa Maravillas gaztetxean

Poliziek herritarren aurka jo dute Iruñean

Foruzaingoa Iruñeko Maravillas gaztetxean sartu da goizaldean, eraikina ikuskatzeko. Arratsaldean, "hutsaraztea" izan dela salatu dute gaztetxeko kideek, eta mobilizazioa egin dute; foruzainek protestan ari zirenen aurka jo dute, tartean, gomazko pilotak erabiliz. Biharko bi deialdi egin dituzte, goizerako eta arratsalderako.

Gorka Berasategi Otamendi - Hodei Iruretagoiena
2019ko urtarrilaren 8a
08:27
Entzun

Goizeko gertaeren ondoren, gaztetxeko kideek batzarra egin dute 18:00etan, eta han ere salatu dute "hutsaraztea" izan dela gaur Nafarroako Gobernuak egindakoa, bestela ez lukeelako zentzurik, haien esanetan, gaztetxetik gauzak eramateak. Espainiako polizien oldarraldiek zauritu ugari eragin dutela ere gaitzetsi dute, eta ehunka lagunek kalejira bat hasi dute batzarraren ostean. Alde Zaharreko kaleetatik egin dute mobilizazioa, besteak beste, okupazioaren eta Maravillas gaztetxearen aldeko oihuak botaz. Bidean, arrautzak bota dizkiote EAJren egoitzari.

Gaztetxearen ingurura joaten saiatu dira ondoren, baina poliziak hartuak zituen sarrera guztiak. Foruzainak oldartu egin zaizkie manifestariei, eta gomazko pilotak ere bota dizkiete. Ainhoa Larretxea BERRIAko kazetaria aritu da mobilizazioa jarraitzen.

 

AZ Ekimena Alde Zaharreko bizilagun eta kolektiboen plataformak poliziak auzotik ateratzeko eskatu du, eta larrituta agertu dira operazioa ostegunera arte luza daitekeela-eta. Era berean, "gune autogestionatuen aldeko apustua" berretsi dute, eta bat egin du Maravillas gaztetxeko batzarrak egindako deialdiekin. Bihar, asteazkenez, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren aurrera joango dira, 12:00etan, eta Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritza, Justizia eta Barne Sailera ondoren. 18:00etan, berriz, salda beroa emango dute Nabarreria plazan. Parte hartzeko deia egin diete auzokideei.

Nafarroako Gobernua: "Ezinbestekoa zen ondasunak ateratzea"

Nafarroako Gobernuak eskaera egina zuen epaitegietan, foruzaingoarekin eta Ondasun Zerbitzuko teknikariekin batera eraikinean sartzeko, "gaztetxeko kideek eragindako kalteak neurtzeko" argudioarekin. Joan den ostiralean baimena jaso zuen, eta gaur sartu dira Foruzaingoa eta teknikariak Rozalejo jauregian. Goizaldeko 5:00ak inguru ziren. Ez zegoen inor gaztetxean. Teknikariek eraikinaren egoerari buruzko txosten bat egin dute, eta, haren arabera, eraikinak "pertsonentzako arriskuak" dituela nabarmendu du Nafarroako Gobernuak.

Iluntzean ohar berri batean adierazi duenez, epaitegiek baimena eman zieten, ikuskatzea egiteko ez ezik, "arriskuak gutxitu edo saihesteko beharrezko diren neurriak" hartzeko. Hala, gobernuak argudiatu du "ezinbestekoa" zela gaztetxeko "ondasun higigai guztiak" ateratzea. Teknikariek ohartarazi dute eraikinaren egitura hondatuta dagoela, babesik gabeko gune irekiak daudela, eta objektu sukoiak atzeman dituztela pilatuta (gas bonbonak eta beste). Horrez gain, argindar instalazioa hedatu dela adierazi du gobernuak, eta fatxadan legez kanpoko lotura duela argindar banatzailearen sarearekin. Ateratako gauza guztiak —lastairak, hozkailuak, edarri barrilak, gas bonbona eta abar— poliziak gorde dituela azaldu du, epaitegien esku uzteko.

Gobernuari eraikinean sartzeko baimena ematearekin batera, Iruñeko 4. Instrukzio epaitegiak gaineratu du Nafarroako Gobernuak beharrezko prebentzio neurriak hartu behar dituela. Ana Ollo kontseilariak ziurtatu du gaurkoa ez dela "hutsaraztea" izan, eta hori kontuan hartuta, gaztetxera sartzen saiatu dira zenbait gazte arratsaldean, abokatuarekin batera. Polizien buruak esan die inori sartzen ez uzteko agindua duela. Hori entzunda, abokatuak argi adierazi du Nafarroako Gobernuak gaur egindakoa "hutsaraztea" izan dela.

Goizean, dozenaka herritar elkartu da protestan Iruñeko erdigunean. Lapikoak jotzen aritu dira eta manifestazioa egin dute alde zaharrean barrena. Labrit kalean errepidea moztu dute, eta Espainiako Polizia oldartu egin zaie trafikoa eten dutenei. Ondoren, manifestariek Nafarroako Parlamentura jo dute. Poliziak parlamentuaren inguruetan ere manifestarien aurka egin du eta hainbat lagun zauritu ditu. Protestak amaitu dituzte 11:00ak aldera, eta herri batzarra egin dute 18:00etan.

Mobilizazioen berri eman du bertatik Ion Orzain BERRIAko kazetariak:

Joan den astean azaldu zutenez, Nafarroako Gobernuak eraikina ikuskatzeko baimena eskatu zuela jakinarazi zieten, gazteek "eragindako kalteak" aztertzeko. Gobernuaren eskaera bizilagun anonimo baten salaketan oinarritu dela adierazi dute gaztetxekoek. Herritar horren arabera, gaztetxean "hotsak" entzun dira azken egunetan, "lanean ariko balira bezala". Gaztetxeko kideek, baina, gezurtatu egin dute eraikinaren azpiegituretan inolako aldaketarik egin dutenik, eta, kalterik bada, hogei urtez hutsik egon izanaren ondorio izan dela nabarmendu dute. "Sartu ginen unetik garbiketa lanak egin ditugu eta eremuak atondu ditugu. Zegoena baino askoz hobeto dago orain", adierazi dute.

Gaztetxekoek gogorarazi zuten joan den abuztuaren 17an, eraikina hustu zutenean, hainbat teknikari sartu zirela jauregiaren egoera aztertzeko eta jasotako informazioarekin txostena aurkeztu ziotela exekutiboari: "Ez dugu ulertzen zergatik duten orain eraikinean berriz sartzeko halako presa".

Foruzaingoak Maravillas gaztetxea hustu zuen 2018ko abuztuan. Hurrengo egunean, berriro okupatu zuten Rozalejo jauregia gaztetxeko kideek. Maravillas gaztetxearen husteak desadostasunak eragin ditu lauko gobernuan.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.