Navarro Villosladaren II. mendeurrena

Patxi Zabaleta, Nabarraldeko kidea
2019ko urtarrilaren 8a
11:39
Entzun

2018an bete dira bi mende Francisco Navarro Villoslada jaio zenetik. Bianan jaio eta jaioterrian bertan hil zen 1895an, beraz 77 urte betetzera zihoalarik, nahiz eta bizitzaren zatirik handiena Madrilen eman zuen.
Nobelagintzan aitorpen handia lortutako lehen nafar idazlea da Navarro Villoslada. Bere eleberri ezagunena Amaya o los Vascos en el siglo VIII delakoak arrakasta eta eragin itzela izan du; ez bakarrik erdal literaturan, baizik baita euskal literaturan ere; eta bereziki, euskal gizarte eta kultura herrikoian eta baita beste lurralde batzuetan. Gainera, denboran zehar iraun duen eragina da.
Villosladari esker zabaldu eta errotu ziren betiko Chaho bere adiskideak asmatutako edo egokitutako izen, kondaira eta elezahar ugari. Ipuin eta kontakizun labur ugariz gainera, hiru eleberri luze idatzi zituen, Doña Blanca de Navarra, Doña Urraca de Castilla eta aipatutako Amaya o los Vascos en el siglo VIII. Azkeneko eleberri hau da benetako ospea eman ziona Navarro Villosladari.  
Nobelagileaz gainera, olerkaria eta antzerkigilea ere izan zen, nahiz eta arrakasta mugatukoa. Baina batez ere, periodista moduan egin zen ezagun; Madrileko egunkari eta aldizkari askotan lan egin zuen eta bost edo seitan zuzendaria izan ondoren, El Pensamiento Español izenekoaren sortzaile, zuzendari eta azkenean jabe bakarra izatera iritsi zen; egunkari hura Espainiako hirugarren salduena izatera iritsi zelarik 1869-71 urteetan.
Politikaren munduan ere bere ibilbidea egin zuen Villosladak. Lau aldiz izan zen diputatua; bitan Lizarraldeko esparrutik eta beste bitan Iruñerritik. Senataria Bartzelonatik irten zen. Eta bigarren mailako kargu politiko batzuetarako ere izendatua izan zen bere bizitzan zehar, bai Madrilen nola Gasteizen; hiri honetara etorria baitzen Villoslada emaztea gaixotuta eta bertan zegoen Chaho Frantziatik Napoleon III.ak erbesteratuta.
Ideologiari dagokionez, familiaren eraginagatik edo, erlijio katolikoaren defentsarako kokatu eta margoturik egon zen beti, nahiz gaztetan liberalen aldean eta karlisten aurka lerrokatu zen. Bazituen bi osaba apaiz kanonigoak zirenak Santiago Conpostelan, eta hara eraman zuten nerabe zelarik ikasketak egitera. Halere, bere lehen idazlana Lutxana izeneko antzerki bat da, Karlos V.ren aurka eta Esparteroren alde gazte-gaztetan 1839an idatzia; azken honek, Bilboko auzo hartan, erabakiorra gertatuko zen gudaldia irabazi baitzien karlistei. Navarro Villosladaren aita lurjabe eta etxalde aberatsen kudeatzaile izateaz gainera, Guardia Nazionaleko kidea eta Vianako harresien arduraduna zen, oraindik harresiek gerrarako garrantzia zeukatenen garai hartan eta kargu hauek Madrileko gobernura eta alde liberalera erakartzen zuten nonbait.
Navarro Villoslada 1868an sartu zen alderdi karlistan; beraz 50 urterekin. Madrilen bizi zen eta El Pensamiento Español egunkariko zuzendari eta jabe izateaz gainera, "neokatolikoak" deitzen zuten talde ahaltsuko kidea zen, nahiz beraiek deitura hori gaitzetsi egiten zuten. Uholdea izan zen urte haietan karlismora sartu zen talde, erakunde eta jendetza. Bazirudien agintetik inoiz baino gertuago zebiltzala. Isabel II.a erregina bota, lehen Errepublika eraiki eta erautsi, Amadeo de Saboya erregea jarri eta kendu eta abar.
Karlos VII. erregegai gazteak aholkulari eta idazkari pertsonala izendatu zuen berehala Navarro Villoslada eta Europako hainbat herrialdetan zehar hainbat bidaia egin zituzten elkarrekin. Baina Erregegaiaren beste aholkulari batzuekin eztabaida eta lehia sutsuetan sartu zen Villoslada, batez ere Nocedal aita-semeekin, eta laster utzi egin behar izan zituen karlismoko goi karguak. Harrigarria zen betiere, gaztetan Karlos V.ren aurka gerran eta idazten aritutako Navarro Villoslada, haren biloba Karlos VII-ren albokoa bihurtu zela 50 urterekin.  
Badirudi, besteak beste, gerra hasteari eta aurrera eramateari buruz ezadostasun sakonak izan zituztela Karlos VII.ak eta Villosladak; eta azken honek ez ziola bideragarritasunik ikusten beste aholkulariek esaten zutenari. Ez dago garbi zertan eta non ibili zen Villoslada azkeneko karlistadaren garaian, 1872tik 1876rako urteetan alegia. Atxilotu ere egina zuten behin, eta agian erdi ezkutatuta zebilen. Bere egunkariko zuzendaritza Ziriako anaiaren esku utzi zuen, gero periodikoa bera itxi eta bere ohituren aurka ez zuen urte haietako berririk idatzi izkribu pertsonaletan. Baina itxura guztien arabera gerrako urte haietan bukatu zuen Amaia eleberria, nahiz hogeita hamar urte lehenagotik bazebilen jiraka eta biraka nobela hori antolatzeko lanetan eta gai bilketan.  
1918an, beraz orain 100 urte, Lore Joko garrantzitsuak antolatu zituzten Iruñean Francisco Navarro Villosladaren lehen mendeurrena ospatzeko. Oso adierazgarriak dira joko haietan ipinitako gaiak, ereduak eta sarien kopuruak. Batzorde antolatzaileko lehendakaria eta idazkaria Antonio Baztan eta Jesus Etayo izan ziren; eta sarrerako pregoia eskuin muturreko politikaria zen Victor Praderak bota zuen. Sari bat, agian lehena Alberto Peraileak irabazi zuen Navarra izeneko olerkiarekin. Bigarren saria, hau da zilarrezko domina, euskaraz egindako soneto batentzat zen… alajaina! Ez dut jakiterik lortu irabazlerik izan ote zuen. Harritzekoena da berriz, 1.000 pezetako sariak jartzeraino iritsi zirela Lore Joko haietan; eta hori dirutza handia zen orduan. Lehen mendeurren hartan gainera, monumentua jarri zitzaion Iruñeko Tekoneran… Orain badirudi tokiz aldatuko dutela Sanjurjo general golpistaren monumentuko utzikondoa kenduta geldituko den tokira. Nire ustez monumentu, ikur eta irudiak lotu eta oretu egiten dira jarriak izan diren toki eta inguruarekin eta arrotz egiten dute aldaketekin eta lehen ere mugitua izan da behin baino gehiagotan… Ez ote litzateke hobe dagoen lekuan uztea?    
Francisco Navarro Villoslada personaia garrantzitsua izan da euskal kulturan; eta adibidez, Chahok bertan duen eragin ukaezina Villosladaren eskutik txertatu zen. Kanpionek ikerketa kritikoaren izenburuarekin laudorioz betetako goraipamen luzea eskaini zion 1902-1903an La Avalancha aldizkarian. Nepomuceno Goy fraideak goraipamenez betetako Villosladaren biografia baino hagiografia dirudiena idatzi zuen. Carlos Mata Indurain irakasleak ikerketa zehatza eta osotua landu du bere tesian eta ondoreko ikerketetan, nahiz zoritxarrez balorapen eta irizpide askotan Jon Juaristi eta beste ustezko pentsalari mertzenarioen menpekotasun kutsua sumatu ahal zaion. Villosladari azken mendeko ekarpenik handiena Segundo Otatzuk egin dio Mintzoa argitaletxean bere idazlan guztiak argitaratzearekin.
Edonola ere, ezin ahaztu gaur egungo historiagrafia eta euskal kulturaren ikuspegi modernoaren aurrean zaharkituta gelditu dela Villosladak asmatutako egituraketa historikoa. Iruñeko erresuma ez zen musulmandarren aurkako Errekonkistaren mitoko eraginetik sortu, baizik Orreagako guduek eta godoen eta frankoen aurka izandako gatazka luzeetatik. Baina hori beste gogoeta baterako gaia litzateke… Eta noizko hurrengo Nafarroako Lore Jokoak?  
                                                     

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.