Euskal selekzioaren ofizialtasun eskaria hizpide izan du AEBetako Stratfor geopolitika plataformak

Euskadiko Futbol Federazioak UEFAko eta FIFAko kide izateko egin duen eskariak izan dezakeen eragin politikoari buruz hausnartu du Stratforrek bere agerkari digitalean.

Euskal selekzioari buruzko artikulua, Statford geopolitika plataforma estatubatuarraren 'worldview.stratfor.com' wegunean.
Euskal selekzioari buruzko artikulua, Statford geopolitika plataforma estatubatuarraren 'worldview.stratfor.com' wegunean.

Berria -

2019ko urtarrilak 8

Of Soccer and Separatism: Why the Basque Decision to Seek FIFA Membership Matters [Futbolaz eta separatismoaz: Zergatik du garrantzia FIFAko kide bihurtzeko Euskadiko federazioaren erabakiak] artikuluan Euskadiko Futbol Federazioaren eskariak "izugarrizko dimentsio politikoa" duela nabarmendu du Tolga Ozyurtcu kirol gaietan adituak. Ozyurtcuren esanetan, indar sinboliko handia du futbol selekzio propio bat izateak eta auzia are interesgarriagoa egiten du euskal selekzioak lehiarako izango lukeen gaitasunak. Izan ere, euskal selekzioa Olinpiar Jokoetarako, Europako txapelketarako eta Munduko txapelketarako sailkatzeko hautagai argi litzatekeela uste du Ozyurtcuk.

Gauzak horrela, Euskadiko federazioaren eskariak ez du Espainiako Gobernuaren kontrako jarrera izango soilik, egilearen esanetan. Aldiz, Espainiako Futbol Federazioak ere eskariaren aurka egingo duela aurreikusten du; besteren artean, bere selekziorako "jokalari handi asko" galduko lituzkeelako. Horrez gain, euskal selekzioaren ofizialtasuna baimentzeak "aurrekari beldurgarria" ezarriko luke Espainian, Ozyurtcuren hitzetan. Kataluniako selekzioari ere atea irekiko lioke eta Espainiako selekzioarentzako kaltea are handiagoa litzateke, talde horretan "talentu izugarriko" jokalari kataluniar asko aritzen direla eta.

Espainiako federazioa aurretik antzeko borroketan ibilia dela nabarmendu du egileak. Azaldu duenez, Gibraltarreko federazioak UEFAko eta FIFAko kide izateko eskarua 1999an egin bazuen ere, ez zen UEFAko kide bihurtu 2013 urtera arte eta FIFAkoa 2014ra arte, Espainiaren presioen eraginez. Bide luze horretan, Espainiako federazioak hainbatetan jo zuen KAA Kirol Arbitraje Auzitegira. Gainera, UEFAk arau murriztaile bat onartu zuen 2001ean: ordutik, arautegiak jasotzen du elkarteko kide bihurtzeko ezinbestekoa dela NBEk aitortutako estatua izatea. Arau aldaketa hori Espainiaren presioei egotzi zitzaien, egilearen esanetan. Arau hori, baina, ez zitzaion ezarri Gibraltarri. KAAk ebatzi zuen ez zela egoki, Gibraltarrek araua onartu aurretik egin zutelako kide bihurtzeko eskaria.

Ozyurtcuk nabarmendu du arauak indarrean jarraitzen duela eta hori izango dela ziurrenik euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko oztoporik nagusiena. Arauak malguak izan daitezkeela ohartarazi du, baina. Gogora ekarri duenez, Kosovo UEFAko eta FIFAko kide gisa onartua izan da araua indarrean jarri eta gerora, NBEk estatu gisa onartzen ez duen arren.

Euskal selekzioaren auziak Espainiako Europako egoera politikoan eragin dezake, Ozyurtcuren iritziz. Haren esanetan, Espainiak "denbora luzez eutsi dio kontinentean barrena agertu diren mugimendu nazionalisten gisakoei, baina inmigrazioaren kontrako Vox alderdiak Andaluziako hauteskundeetan lortu berri duen arrakastak gauzak aldatzen hasi direla adieraz dezake". Voxen indarra Kataluniako auzi politikoari erantzuteko grinean du oinarri, Ozyurtcuren esanetan, eta euskal selekzioaren afera erregai izan daiteke nazionalista espainiarren bozen gorakadarako. Ozyurtcuren esanetan, euskal selekzioaren ofizialtasunak balio sinboliko mugatua duen arren, Voxen jarraitzaile potentzialek beren herrialdea zatitzen ari denaren zantzu gisa uler dezakete.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna