Teknologia

Mendaron izango du egoitza zientzia eta teknologiaren partzuergoak

Hamabi zentro teknologiko, lau ikerketa zentro kooperatibo, Jaurlaritza, SPRI eta hiru diputazioak izango dira partzuergoan.

Miñaoko CIC Energigune izango da BRTA partzuergoko kideetako bat.
Miñaoko CIC Energigune izango da BRTA partzuergoko kideetako bat. Energigune

Iker Aranburu -

2019ko urtarrilak 8

Basque Research and Technology Alliance (BRTA) izena izango du partzuergoak. Gaur onartu ditu Jaurlaritzak estatutuak eta datozen hiru hilabeteetan da eratzekoa. Lehen urtean milioi bat euroren aurrekontua izango du.

"BRTA Partzuergoak Euskadiko erronka teknologiko eta industrialei erantzungo die, eta Euskadik nazioartean duen lekua hobetuko du", Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak azaldu duenez.

2015ean abiatu zuen Jaurlaritzak zientziaren eta teknologiaren sektoreak berrantolatzeko prozesuari. Diru publikoarekin finantzatzen dira haren programa batzuk, eta diru hori modu eraginkorrean erabiltzen dela bermatzea da Jaurlaritzaren asmoa. Partzuergoaren osaketa beste urrats bat da berrantolaketa horretan.

Erakunde publikoez gain, honakoek osatuko dute partzuergoa: Azterlan, CEIT, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Tecnalia, Tekniker, Vicomtech, Azti, Neiker zentro teknologikoek, eta CICbioGune, CICbiomaGUNE, CICenergiGUNE eta CICnanoGune ikerketa kooperatiboko zentroek.

BRTAren asmoa ez da zentro guztien fusioa lortzea, haiek hobeto koordinatzea baizik. "Partzuergoa arduratuko da agente teknologikoen koordinazioa sustatzea, haien jarduerak uztartzea eta bateragarri egitea, ezagutza sortzeko eta enpresei helarazteko baldintzak sendotzea, eta eremu teknologikoan nazioarteko proiekzioa izango duen marka propio bat bultzatzea", Jaurlaritzaren agiriak zehazten duenez..Eraketa, aurrekontua eta egoitza

Aurreikusitakoaren arabera, BRTA Partzuergoa urteko lehen hiruhilekoan eratuko da, eta Mendaroko Kurutz-Gain Industrialdean izango du egoitza (Gipuzkoa). Hasierako aurrekontuari dagokionez, administrazioak 500.000 euroko ekarpena egingo du, SPRIk 100.000 eurokoa, eta agente teknologikoek, berriz, 400.000 eurokoa.

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna