Katalunia

Oriol Pujol espetxeratzeko agindu du Bartzelonako Auzitegiak

IAT Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren auziarengatik kartzelatzeko agindu du Maria del Carmen Zabalegui epaileak. Hurrengo hamar egunetan sartu beharko du espetxean.

Jordi Pujol CiUko diputatu ohia, artxiboko argazki batean.
Jordi Pujol CiUko diputatu ohia, artxiboko argazki batean. Alejandro GarcĂ­a/EFE

Berria -

2019ko urtarrilak 9

Oriol Pujolek espetxe zigorra bertan behera uzteko eskatu zion Bartzelonako Auzitegiari, komunitatearen aldeko lanak egitearen truke; baina auzitegiak baztertu egin du eskari hori. Horrenbestez, Jordi Pujol Kataluniako presidente ohiaren semeak eta CiUko parlamentari izandakoak espetxera joan beharko du datozen egunetan. Bi urte eta erdiko kartzelaldiarekin zigortu dute, IAT auziarengatik. Influentzia trafikoa, eroskeria eta dokumentuen faltsutzea leporatu dizkio epaileak.

Hala ere, erregu helegitea aurkezteko aukera izango du Pujol sendiko seme-alabetan bosgarrenak. Hurrengo hiru egunetan aurkez dezake, eta horrek espetxeratzea bertan behera utziko luke kontrako epai irmo bat eman arte.

Akusatuak zigorra bertan behera uzteko eska dezake leporatzen zaizkion delituetako bakoitzak bi urteko zigorra gainditzen ez duenean eta kondenatua ohiko gaizkilea ez denean. Aukera horri heldu dio Pujolek, baina epaileak ez du onartu. Fiskaltza espetxeratzea indargabetzearen kontra agertu zen, eta akusatua berehala kartzelatzeko galdegin zuen.

Epaileak argudiatu duenez, Pujoli leporatzen zaizkion gertaerak "oso larriak" dira, ordezkari politiko gisa jardun zuenean karguaz baliatu zelako bere onura pertsonalerako, gizarteari zerbitzu eman beharrean. Epaileak gaineratu du ez zela gertakari puntual bat izan, "bere pribilegiozko posizio politikotik" jokatzeko modu jakin bat baizik, "iruzurra azaleratu zenean bakarrik" amaitu zena.

Oriol Pujolek fiskaltzarekin hitzartu zuen bere zigorra. Eroskeria, dokumentu faltsutzea eta influentzia trafikoa delituak onartu zituen, eta aitortu zuen enpresariei mesede egin ziela legez kanpoko eskupekoen truke, 2011. eta 2012. urteetan. Mesede horien artean, onartu du enpresari jakin batzuk harremanetan jarri zituela Artur Mas Generalitateko presidente ohiarekin.

Politikan ibilbidea egin duen Jordi Pujolen seme bakarrak dimisioa aurkeztu zuen bera eta bere familia ustelkeria kasuekin lotzen zuten auziek behartuta. Oriol Pujol auzipetuta dago Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku dagoen beste kasu batean ere. Auzi horretan, Pujol sendiak Andorran ezkutatuta izan duen aberastasuna ikertzen ari da Jose de la Mata epailea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna