EUSKAL PRESOAK

Sindikalismoko, Elizako eta kultur arloko hainbat eragilek Baionako martxa babestu dute

Ahal Dugu-k bat egin du presoen eskubideen aldeko Bilboko martxarekin; Gure Esku Dago-k ere jakinarazi du ordezkaritza bat bidaliko duela Bizkaiko hiriburuko mobilizaziora.

Gaur zortzi Bilbon eginiko agerraldia, hainbat eragilek Orain Presoak dinamika babesteko. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2019ko urtarrilaren 9a
07:00
Entzun

Datorren larunbatean egingo dituzte euskal presoen eskubideen eta bestelako espetxe politika baten aldeko manifestazioak Bilbon eta Baionan, eta, eguna gerturatu ahala, gero eta luzeagoa da egitasmoak babesten dituzten eragileen zerrenda. Azken orduetan eragile ugari batu dira zerrenda horretara.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-k, esaterako, bat egin du Bilboko martxarekin. Ohar batean, bi eskari egin ditu: Espainiako Gobernuari galdegin dio presoak gerturatu ditzala; presoei, berriz, eskatu die "eragindako kaltea bidegabea izan zela aitortu" dezatela.

Andeka Larrea alderdiko Komunikazio idazkariaren hitzetan, Ahal Dugu-k "giza eskubideen ikuspegi integrala" babesten du espetxe politikan: "Ikuspegi hori burutu ahal izateko, ezinbestekoa da ETAren jarduera terroristarekin lotura izateagatik askatasunaz gabetutako pertsona guztiei aplikatzen zaien salbuespen-neurri guztiak ezabatzea". Besteak beste, eskatu du presoak Euskal Herriratzea, gaixo daudenak "gizalegezko tratua" ematea eta espetxe graduak "mailakatzea".

Era berean, eta "espetxe-politika baldintzatu behar ez duen arren", ezinbestekotzat jo dute presoek aitortzea "sufrimendua  bidegabea" izan zela. Alderdiak nahi du espetxe politikak "mendeku helburua albo batera uztea" eta gizarteratzea ahalbidetzea, "konpontze-justiziako prozesuen bitartez". Horren harira, Langraiz bidea, "konpontze-topaguneak eta izaera horretako beste hainbat ekimenen balioa" azpimarratu du: “Ekimen horiek guztiek abiapuntu etiko bera dute: hain zuzen ere hiltzea, bahitzea edo mehatxatzea gaizki dagoela orain, eta gaizki egon dela beti".

Larreak gaineratu du manifestazioak gizartearen gero eta ordezkaritza "pluralagoa" duela eta hori sustatzaileek eginiko "aldaketa garrantzitsuei esker" dela.

Iparraldean, askotariko eragileen sostengua

Bestalde, Baionako martxari atxikimendua adierazi diote sektore ugaritako dozenaka eragilek. Esaterako, FSU, LAB, CGT, CFDT eta Solidaires sindikatuetako 78 sindikalistak atxikimendua adierazi dute, eta beste horrenbeste egin dute Ipar Euskal Herriko 40 apaizek. 

Kultur arloan, 60 bat lagunek babestu dute manifestazioa: besteak beste, Aire ahizpek, Anje Duhaldek, Jurgi Ekizak, Maddi Zubeldiak eta Odei Barrosok.

Presoena "lehentasunezko gaia" da, GEDen ustez

Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikak ere bat egin du bi deialdiekin; Bilbon izango da haren ordezkaritza bat. Dinamikaren esanetan, "bizikidetzaren, demokraziaren eta bakearen aro berria" zabaltzen ari da Euskal Herrian, eta "etorkizun hobe bat eraikitzeko lan handia egiten ari da esparru anitzetan". Aurrera egiteko, ordea, ezinbestekotzat du "iraganeko korapiloak askatzea".

Ildo horretan, uste du, "epe luzerako elkarbizitzaren norabidean pausoak emateko", presoen gaiari irtenbidea ematea "lehentasunezko gaia" dela: "Euskal preso, iheslari eta deportatuek bizi duten salbuespen egoera behingoz amaitzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.