Lan gatazka

Luzatu egin dute Navaleko dosierraren kontsulta epea

Larunbatean zen bukatzekoa Sestaoko ontziolako langileak kaleratzeko erregulazioaren epemuga, baina hilaren 16ra luzatu du konkurtso administratzaileak.

Navaleko langileen protesta bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2019ko urtarrilaren 9a
14:11
Entzun

Kontsolamendu txikia da langileentzat, baina arnasa hartzeko egun batzuk gehiago emango dizkie. Kaleratze dosierra ez da larunbat honetan amaituko, hilaren 16an baizik; hortaz, kaleratzeak datorren astera arte atzeratuko dira, konkurtso administratzaileak horrela erabaki duelako, langile batzordearen eskaera aintzat hartu eta gero. Aste honetan, Sepirekin, Espainiako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bilerak egingo ditu batzordeak, eta horiengatik eskatu dute kontsulta epea luzatzea. Epaileak onartu du, Juanjo Llorden batzordeko bozeramaileak azaldu duenez.

"Garrantzitsuak dira bilera horiek", esan du Lloredenek, esperantzako tarte txiki bat baduela adierazita. Ezinezkoa ematen du jadanik Navaleko 176 langileen kalatzea gelditzea, baina egun batzuk gehiago daude mirariaren zain daudenentzat. Batzordeak hamaika aldiz eskatu die Espainiako Gobernuari eta Jaurlaritzari ontziola erosteko, eta erantzuna ezezkoa izan da beti, ezin dela Europako lehia arauek ez dutelako uzten. Likidazioak aurrera egiten duenean, ordea, proiektuak azalduko direla uste du Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenko sailburuak.

Gauzak horrela, bihar Madrilen izango dira Navaleko CCOO eta UGT, Sepiren egoitzan —bere garaian ontziolaren jabegoa izan zuen estatuko sozietatea—. Kaleratzeak gauzatuko balira, langileen %80ri enplegua emateko ardura izango luke hark. Etzi, berriz, negoziazio mahaiaren hirugarren bilera egingo dute, Espainiako Gobernuak, Jaurlaritzak, sindikatuek eta langile batzordeak. "Borondate politikoa badago", kaleratzeak galarazi daitezkeela esan du berriro Llordenek, gobernuen esku hartzeari erreparatuz. Datorren astelehenean, azkenik, langileen batzarra egongo da Navalen, mahai gainean geratuko den egoera denei azaltzeko. Handik bi egunera, asteazkenean, dosierarren kontsulta epea bukatuko da, eta oso litekeena kaleratzeak iristea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.