Enpresak

Nafarroako merkatuaren %20 lortu nahi du Euskaltelek, 2022rako

Kataluniara, Kantabriara, Errioxara eta Leonera ere zabalduko da aurten.

Euskalteleko buruak, 2017ko akziodunen batzarrean.
Euskalteleko buruak, 2017ko akziodunen batzarrean. MIGUEL TOÑA/EFE.

Iker Aranburu -

2019ko urtarrilak 9

Iaz sartu zen Euskaltel Nafarroan eta "erritmo bizian" hazten ari dela ziurtatu du, agiri baten bidez. Iruñerrian eta beste herri nagusi batzuetan hasi zuen hedapena Derioko konpainiak, eta pozik dago emaitzarekin. "Merkatuaren %8,2 izatera iritsi gara zenbait gunetan". Balio handiko bezeroak direla dio, gehienek hiru produktu kontratatzen dituztelako. 

Proiektu handinahia du Euskaltelek Nafarroan, 2022rako merkatuaren %20 bereganatu nahi baitu, 150.000 bezero, gutxi gorabehera. "Erreferentziazko telekomunikazio konpainia izan nahi dugu familientzako zerbitzuen alorrean", ziurtatu du Francisco Artetxe konpainiako kontseilari ordezkariak.

Baina Euskal Herritik kanpora ere hedatzen jarraitu nahi du enpresak. Azken urteetan erosketa bidez hazi da, lehenik Galiziako R Cable eta ondoren Asturiasko Telecable erosita. Orain, inguruko lurraldeetara zabaldu nahi du. Orangeren zuntza erabiltzeko hitzarmenari esker, 200.000 etxetara iritsiko da Leonen eta Kantabrian. R markarekin. Aurten bertan %4 eta %6 bitarteko merkatu kuota bereganatuk nahi du bi merkatu horietan, eta %12ra iritsi nahi du 2022an.

Errioxan, berriz, bere markarekin joango da Euskaltel, eta 85.000 etxetara iristeko helburua jarri dio bere buruari.

Inguruko lurraldeetan ez ezik, Katalunian ere burua sartuko du telefono konpainiak. RACC aseguru etxearekin hitzarmena sinatu du, eta RACCtel+ markaren bidez, 600.000 etxeri emango die telekomunikazio zerbitzu integrala.

Taldeak aurreikusten du 2022an sarreren % 8 eskuratuko dituela merkatu berri horietako bezeroengandik. Gainera, telekomunikazio konpainiak Orangerekin duen hitzarmenak aukera ematen dio etorkizunean hamar milioi etxetara iristeko, "Espainia osoan".

Gaur egun, 800.000 bezero baino gehiago ditu. Konpainiak 705 langile ditu, eta zeharkako 4.200 lanpostu baino gehiago sortu ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna