Itsasoa

Aita Mari arrantzalea omendu dute, desagertu zeneko urtemugan

Donostian egin dute omenaldia Aquariumak eta Untzi Museoak, eta Itsas Laguntza Humanitarioko eta Gurutze Gorriko kideek. Hilabeteak baimenen zain eman ondoren, datorren astean da irtetekoa Aita Mari ontzia Mediterraneoko uretara.

Aita Mariren omenez gaur Donostian egindako ekitaldia. UNTZI MUSEOA.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko urtarrilaren 9a
16:53
Entzun

Gaurko egunez desagertu zen 1866. urtean Jose Mari Zubia Zigaran, Aita Mari ezizenez ezagun egindako arrantzalea, Donostiako Santa Klara uhartetik gertu. Zumaian (Gipuzkoa) jaioa, Donostian aritu zen patroi, eta gaurko omenaldiaren antolatzaileek nabarmendu dutenez, hainbatetan aritu zen itsasoan larrialdian zebiltzan arrantzaleei laguntzen. Jardun hori goraipatu nahi izan dute Aquariumak eta Untzi Museoak, gaur egun ere itsas salbamendurako beharra badagoela oroitaraztearekin batera.

1861eko uztailekoa da, esaterako, Aita Mariren pasadizo sonatuenetako bat. Serapio Mugikak Donostia, itsas hiria liburuan kontatu zuenez, "beste bederatzi marineleko tripulazioa zeraman txalupa batean patroi zela, itsaso bortitz eta ikaragarrian barrena abiatu zen, eta Zurriolako arroken artetik atera zituen, bizirik, olatuek haitzen kontra txikitutako txalupa bateko batzuk”. Bost urte beranduago, halaxe galdu zen bera ere itsasoan, marinel batzuei laguntzen saiatu zenean.

Aita Mariren oroigarrian egin dute ekitaldia, gaur, Donostiako portuan. Untzi museoko eta Aquariumeko zuzendari Raul Perez Iratxeta eta Esther Irigarairekin batera, Itsas Laguntza Humanitaria gobernuz kanpoko erakundeko eta Gurutze Gorriko ordezkariek hartu dute parte. Ostiralerako, Gurutze Gorriaren instalazioak ezagutzeko bisita gidatu bat ere antolatu dute. 11:00etan izango da, eta Aquariumera deituz eman daiteke izena.

Hilabeteak instituzioen zain

Aita Mari izena darama, hain zuzen, Mediterraneoa igaro nahian ari direnak erreskatatzen laguntzeko Maydayterraneo elkarteko kideek prestatu duten ontziak. Abuztutik prest dute ontzia Pasaiako portuan, baina erakundeen baimenen zain egon behar izan dute orain arte. "Berandu da jada", adierazi zioten azaroan BERRIAri tripulazioko kideek.

Izan ere, IOM Migrazioaren Mundu Erakundearen datuen arabera, iaz 4.503 iheslari hil ziren munduan, horietatik 2.262 Mediterraneoan. Abenduaren hasieran jaso zuten Espainiako Sustapen Ministerioaren baimena, baina ezin izan dira irten orain arte, bestelako tramite batzuen ondorioz. Datorren astean irten asmo dute Libiako uretara, asteartean edo asteazkenean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.