. Aurkitu dute Hernion istripua izan duen hegazkineko bigarren bidaiariaren gorpua - Gizartea - Berria

Hegazkin istripua

Aurkitu dute Hernion istripua izan duen hegazkineko bigarren bidaiariaren gorpua

Gaur goizean hasi dituzte berriz hura bilatzeko lanak eta 10:30ak aldera jakinarazi dute aurkitu dutela.

Berria -

2019ko urtarrilak 10

Erreskate taldeek aurkitu dute atzo Hernion istripua izan zuen hegazkinean zihoan bigarren bidaiariaren gorpua. Atzo ilundu ondoren bertan behera utzi zituzten bilatzeko lana, eta gaur 08:30ean hasi dira berriro haren bila. Hegazkina Tiresko aireportutik (Cascais, Portugal) atera eta Hondarribian (Gipuzkoa) lurreratzekoa zen arratsaldeko lehen orduan, baina mendia jo zuen eta kiskalita gelditu zen. Bi bidaiari zihoazen eta horietako baten gorpua atzo bertan aurkitu zuten, hegazkinaren inguruan. Bigarren bidaiariaren bila jardun arren, ez zuten aurkitu.

Erresuma Batuak Espainian duen enbaxadak jakinarazi du matrikula britainiarra zuela hegazkinak, eta instituzioekin harremanetan jarri direla informazio gehiago eskuratu asmoz. Ez dute zehaztu, ordea, bidaiariak Erresuma Batuko herritarrak ote diren. Portugalgo hedabideek gobernuko iturriak aipatuz zabaldu dutenez, bidaiariak ez ziren portugaldarrak.

Istripua nola gertatu zen argitzeko ikerketa bat jarri du martxan Ertzaintzak. Ezbeharra 14:00ak aldera gertatu zen, eta Hernio behelainoak estalita zegoen istripua gertatu zenean. Nolanahi ere, Ertzaintzak ez du zehaztu ezbeharra lainoak eragin zuen.

Tiresko aireportutik (Cascais, Portugal) atera eta Hondarribian (Gipuzkoa) lurreratzekoa zen hegazkin txikia, eta «txikituta» geratu zen istripuaren ondorioz. Hegazkinean bi lagun zihoazela jakinarazi zuten Portugalgo berri agentziek, baina baten gorpua aurkitu bazuten ere, bigarren bidaiariaren arrastorik ez zuten aurkitu atzo.

Errezilgo herritar batek egin zuen ohartarazpena atzo, 14:00ak jo baino pixka bat lehenago: SOS Deiak-i jakinarazi zion «leherketa» bat entzun zuela Hernion, Zelatun inguruan. Ordu hartantxe jaso zuten Hondarribiko aireportuaren mezua larrialdi zerbitzuek: bertan lur hartzekoa zen hegazkin arin batekin kontaktua galdua zuten gune horretan. Berehala abiatu ziren Ertzaintzaren eta Urola Kostako suhiltzaileen erreskate taldeak; zenbait anbulantzia ere gerturatu ziren ezbeharraren ingurura.

Segituan aurkitu zituzten hegazkinaren lehen arrastoak, Zelatundik gora Herniora oinez joateko bidean; eta mendiaren gailurretik hurbil topatu zuten hegazkinaren egitura nagusia. Bidaiarietako baten gorpua ere inguru horretan agertu zen, 16:00ak aldera; bigarrenaren bila iluntzera arte aritu ziren, baina 18:15ean bertan behera utzi zituzten bilaketa lanak, eta gaur arte ez dute topatu. Bideoa: bilaketa lanak, atzo iluntzean (Foku / BerriaTB).



Atzo hildakoa ez dute oraindik identifikatu, baina Lusak zabaldu du hegazkin arinak Ingalaterrako matrikula zuela, eta agintariek uste dutela bidaiariak turista ingelesak izan daitezkeela.

«Txikituta eta kiskalita»

Piper28A motako hegazkina zen atzo Hernion eroritakoa. Ertzaintzaren arabera, «txikituta eta kiskalita» geratu zen. Hala ere, oraindik ez dakite nola gertatu zen istripua, ezta sutea talka bortitz batek eragin zuen ala hegazkin arinak airean su hartu zuen ere. Ertzaintza bera arduratuko da ezbeharrari buruzko ikerketa abiatzeaz, baina gerora AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioko adituek ere parte hartuko dute.

Behe laino trinkoa izan zen atzo arratsaldez Hernion, eta horrek erreskate taldeen lana zaildu zuen. Urola Kostako suhiltzaileek ez ezik, helikoptero batek ere parte hartu zuen bilaketa lanetan, baina oinez zihoan taldeak aurkitu zuen hegazkina, airez ezin baitzen askorik ikusi. SOS Deiak-ek sare sozialetan zabaldutako bideo batean ikus zitekeen inguru horretako ikuseremua metro gutxi batzuetakoa zela. Dena den, Ertzaintzak ez du argitu lainoak zerikusirik izan zuen istripuarekin.

Hegazkin arinen eta airekoen istripuak ez dira ezohikoak Euskal Herrian. 2003. urtetik gutxienez 22 lagun hil dira 11 istriputan. Horietatik azkena joan den irailean gertatu zen, Tuteran (Nafarroan). Orduko horretan ez zen, ordea, hildakorik izan. Hildakoak eragin zituen azken hegazkin istripua 2016ko maiatzean gertatu zen, Arbizun (Nafarroa). Hiru lagun hil ziren.

Hauek dira azken urteetan hildakoak izan diren aireko istripuak:

—2003ko apirila: Orokietan (Nafarroa). Bi hildako.
—2003ko ekaina. Sierra Salvadan, Maroñon (Araba). Bi hildako.
—2006ko martxoa. Labion (Nafarroa). Bi hildako.
—2006ko uztaila. Deban (Gipuzkoa). Hildako bat.
—2006ko urria. Guardian (Araba). Hiru hildako.
—2007ko ekaina. Oñatin (Gipuzkoa). Helikopteroan. Bi hildako.
—2010eko urria. Alkurruntzen, Amaiurren (Nafarroa). Hiru hildako.
—2011ko urria. Amurrion (Araba). Bi hildako.
—2013ko abuztua. Milagron (Nafarroa). Bi hildako.
—2016ko maiatza. Arbizun (Nafarroa). Hiru hildako.
—2019ko urtarrila. Errezil (Gipuzkoa). Bi hildako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna