Gizartea

Gasteizko autobus batean jazotako "kutsu arrazista" duen eraso bat ikertzen ari dira

Gidariaren eta emakume baten artean hasi zen eztabaida, eta beste erabiltzaile batek heriotza mehatxua egin zion emakumeari.

Jon Rejado -

2019ko urtarrilak 10

Tuvisa, Gasteizko garraio publikoaz arduratzen den enpresa, "kutsu arrazista duen eraso bat" ikertzen ari da, atzotik. 7. lineako autobus batean gertatu zen ikertzen ari diren erasoa, 14:40ak aldera. Autobusean zegoen erabiltzaile batek sakelako telefonoarekin grabatu zuen egoera, eta sare sozialen bidez zabaldu zuen. EH Bilduk argibideak eskatu ditu horri buruz.

Eztabaida patinete baten inguruan abiarazi zuen autobus gidariak. Emakumea bi alabekin igo zen autobusera; horietako batek patinete bat igo zuen, tolestu gabe, nahiz eta araudiaren arabera tolestuta igo behar zuen. Emakumea autobusaren atzeko partera mugitu ahala, gidariak ondo entzuten ez den komentario bat egin zuen, eta emakumeak ihardetsi zion: "Pazientzia hauekin? Norekin?". Eztabaidak jarraipena izan zuen. Autobus gidariak eserlekua utzi zuen, eta autobusaren korridorera mugitu zen, eztabaidarekin jarraitzeko. Emakumeak “arrazista” izatea leporatu zion gidariari.

Autobusa martxan jarri ondoren, beste erabiltzaile batzuek emakumeari irain arrazistak eta mehatxuak egin zizkiotela jakinarazi du bideoa grabatu zuen pertsonak. Horietako batzuk ez daude grabatuta, baina gizon baten heriotza mehatxua agertzen da bideoan: "Militarra naiz; 20 urte daramatzat zu bezalako jendea hiltzen".

Gertaera grabatu zuen pertsonak bideoan azaldu du emakumeak negarrez utzi zuela autobusa. Bi pertsona jaitsi ziren harekin, laguntzeko. Salaketa jartzeko eskatu ziotenean, emakumeak ezetz esan zuen, beldurragatik.

Alkateak, gidariari babesa

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak agerraldia egin du gertatutakoaren balorazioa egiteko. Batetik, Tuvisako gidariek egiten duten lana balioan jarri du. Langile horiek "profesional apartak" direla nabarmendu du, eta urtean 15 milioi herritar garraiatzen dituztela. Bestetik, aitortu du bideoan agertzen den gidariak ez zuela "modu egokienean" jokatu, baina gaineratu du ez duela inolako irregulartasunik egin, eta ez duela inolako zigorrik jasoko gertatutakoagatik. "Gidariari egin zituen gauza batzuk leporatu dizkiote".

Azkenik, Urtaranek gogor kritikatu ditu erabiltzailearen bideoan gertatzen diren eraso arrazistak. "Oso larritzat" jo ditu, eta "onartezinak" direla gaineratu du. "Gasteizen ez ditugu halako jokabiderik nahi". Erabiltzailearen aurkako salaketarik jartzeari buruz, alkateak azaldu du hori ez dagokiola zuzenean Gasteizko Udalari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna