Diaspora

Nevadako Elko herrian, Ermuko 'sheriff' bat

Aitor Narbaiza ermuarra haurra zela joan zen bizitzera AEBetara bere gurasoekin. Aste honetan hartu du Nevadako Elko konderriko sheriff kargua.

Elkoko (Navada/AEB) 'sherif'-aren bulegoa

Berria -

2019ko urtarrilak 10

Euskalkultura.com atariak jakitera eman duenez, Elko konderriko sheriff kargua zin egin du Narbaizak, konderriaren izen bereko hiriburuan. Ermuarrak 23 urteko ibilbidea egin du bertako sheriffaren bulegoan, eta herritarrek hauteskunde bidez aukeratu zuten, joan den azaroaren 6an, konderriko polizia buru izateko.

AEBetako euskal komunitate handienetakoa hartzen du Nevadak eta, haren baitan, Elkoko konderriak. Elko Euzkaldunak Club elkartea da bertako euskadunen topagune garrantzitsuena. 1959an sortu zuten. Elkarte horrek urtero antolatzen du Elkoko Euskal Jaialdi Nazionala. Hasiera batean, inguruko abeltzain euskaldunak elkartzen zituen, egun pasa ederrean. 1964tik aurrera, bi eguneko festa bihurtu zen eta, geroztik, oihartzun handiagoa hartzen joan da.

Jaialdia uztaileko lehenengo asteburuan ospatzen dute. AEBek Independentziaren eguna ospatzen dute uztailaren 4an eta Elkoko euskaldunek AEBei esker ona adierazteko erabaki zuten jaialdia egun horren inguruan antolatzea; "euskaldunak eta beraien ohiturak horren modu askean onartzeagatik". Herri kirolak, bertsolariak eta trikitixa izaten dira egitaraueko ohiko osagaietako batzuk.

Elko konderria Nevada estatuaren ipar ekialdeko muturrean dago. 50.000 biztanle inguru ditu. Lehenengo kolonizatzaileak Kaliforniara bidean zihoazen urre bilatzaileak izan ziren. 1841ean heldu ziren inguru horretara. 1868an sortu zuten Elko hiriburua. Berrogei urte beranduago, Telescopio hotela ireki zuen Pedro Jauregi gernikarrak bertan, frontoi estali eta guzti, Gloria Totorikaguena Egurrolak Auñamendi entziklopedian jasotzen duenez. Hori izan zen inguruko euskaldunentzako lehen bilguneetakoa.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna