Kongoko hauteskundeak
Tshisekedi oposizioko hautagaiak irabazi ditu hauteskundeak Kongon
Goizaldean eman dituzte abenduaren 30ean egin ziren hauteskundeen emaitzak. Tshisekedik adierazi du "kongoar guztientzat" aginduko duela.

Kongoko Errepublika Demokratikoak badu presidentea. Felix Tshisekedi nagusitu da abenduaren 30ean egindako hauteskundeetan. Hauteskunde Batzordeak gaur goizaldean jakinarazi du oposizioko hautagaiak botoen %38 eskuratu dituela. Garapen eta Aurrerapen Sozialerako Batasuneko alderdi historikoaren buruzagiak "kongoar guztientzako" aginduko duela adierazi du emaitzen berri izan ostean. Berez urtarrilaren 6an ziren emaitzak ematekoak, baina hainbat egunez atzeratu da jakinarazpena.
Tshisekedi Kongoko lehen ministro izandako eta oposiziko buruzagi historiko baten semea da; Etiennne Tshisekedirena. Joseph Kabila presidentearen lekukoa hartuko du orain haren semeak. Kabilak ia hemezortzi urte igaro ditu boterean. 2016ko abendutik boterean gotortuta egon da, eta legez kanporatu dute agintetik, izan ere, konstituzioak debekatzen du presidente berak hiru agintaldi egitea. Kabilaren alderdiko hautagaia hirugarren lekuan geratu da; Emmanuel Ramazani Shadaryk botoen %24 eskuratu ditu. Barne ministro izandako hautagai ofizialistak agindu zuen irabaziz gero «Kabilaren ondarea» defendatuko duela. Martin Fayuluk, baina, aurrea hartu dio Ramazaniri. Oposizioko hautagaiak botoen %35 lortu ditu. Fayulu eta Tshisekedi alderdi berean aritu dira, baina azken honek azaroan erabaki zuen koaliziotik ateratzea. Lamuka aliantzaren zerrenda burua zen Fayulu.
Kinshasako kaleetan oposizioko buruzagiaren garaipena ospatzera atera dira herritarrak. Martin Fayuluk, baina, ez ditu emaitzak ontzat eman. Kongoko eta nazioarteko hainbat erakundek zalantzan jarri dituzte emaitzak, tartean Frantzia. Apezpikuen Konferentzia Nazionalak "benetako emaitzak" argitaratzeko eskatu dio Hauteskunde Batzordeari. Aurrerantzean eta indarkeria saiheste aldera umiltasunez eta zintzotasunez aritzeko eskatu die ere politikariei. Azken asteotan dozenaka pertsona hil dira etnien arteko borroketan. Herrialdeko hiru probintziatan, berriz, martxora arte atzeratu zituzten bozak, osasun eta segurtasun arrazoiak argudiatuta. Beni, Butembo eta Yumbi hiriei eragin die neurriak, eta, hain zuzen, oposizioaren gotorlekuak dira hirurak.
Kongoko Errepublika Demokratikoak 70 milioi biztanle ditu. Herrialdean berrehun talde etniko baino gehiago daude, gehienak bantuak. Lau talde etniko handienak luba, kongo, mongo (bantuak guztiak) eta mangbetu-azande dira. Kongo Belgikaren kolonia izan zen 1885etik 1960ra arte. Baliabide naturalei dagokienez, munduko herrialderik aberatsenetakoa da, baina hango herritarrak munduko txiroenetakoak dira. 1996 eta 2003 arteko bi gerra zibilak izan dira II. Mundu Gerraz geroztik biktima gehien eragin duten gatazkak.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.