AMURRIOKO ERASOA

Espainiako polizia ohi bat atxilotu dute Amurrioko erasoaren harira

74 urte ditu atxilotuak, eta polizia erretiratua da. Ertzaintzak topatu egin du tiro egiteko erabilitako arma.

Erasoa pairatu zuen baserria, Lezaman (Amurrio, Araba).
Erasoa pairatu zuen baserria, Lezaman (Amurrio, Araba). Jaizki Fontaneda / Foku

Jon O. Urain -

2019ko urtarrilak 10

Ikerketako iturriek zabaldu dutenez, ertzain etxean dute atxilo, eta galdekatzen ari zaizkio. Asteartean baieztatu zuen Ertzaintzak Espainiako polizia ohi bat identifikatua zuela, hura zelakoan Amurrioko (Araba) ezker abertzaleko familia baten baserriari tiro egin ziona. Munizioa topatu zuten haren etxean, baina ez  erasorako erabilitako arma. Jada, ordea, topatu dute. Polizia erretiratuak ukatu egin zuen tiro egin izana.

Aurkitutako arma polizia ohiarena da, eta, Josune Irabien (EAJ) alkateak jakinarazi zuenez, "baimendu gabeko arma motz batekin" egin zuten tiro. Izan ere, poliziak laneko arma entregatu zuen erretiroa hartzean, eta ehizarako eskopetak izateko baimenik baino ez zuen.

Joan den igandean gertatu zen erasoa. Lezama herribatzarrean dago baserria. Bala batek sukaldeko leihoa zeharkatu zuen, kristala hautsiz, eta horma jo zuen, baina ez zen inor zauritu, erasoa gertatu zenean familiako zenbait kide baserrian zeuden arren.

Amurrioko Udaleko talde politiko guztiek aho batez arbuiatu zuten erasoa, eta elkarretaratze bat egin zuten asteartean, protesta modura. EAJk, EH Bilduk, Orain Amurriok, PSE-EEk, PPk eta Guk Bai taldeak osatzen dute Bozeramaileen Batzordea. Elkarretaratzearen amaieran, Mertxe Azkarraga erasoa jasan zuen familiako kideak hartu zuen hitza. Mezu bat bidali zion tiro egin zuenari: "Jakin dezala ez garela mugituko: ez gure arbasoen etxebizitzatik, ez gure pentsamendu politikotik". Gogorarazi zuen hiru bandera dituztela etxean —Saharakoa, euskal presoak etxeratzearen aldekoa eta fracking-aren aurkakoa—, eta ohar egin zuen: "Banderak astintzen jarraituko dugu. Ez gaude beldurtuta".

Eusko Jaurlaritza eta hainbat indar politiko ere mintzatu ziren gaiaz. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen gertatutakoa "oso larria eta kezkagarria" dela. EAJko Euzkadi Buru Batzarrak "argi bezain sendo gaitzetsi" zuen erasoa, eta "elkartasuna eta hurbiltasuna" adierazi zion familiari.

EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak, berriz, "oso larritzat" jo zuen gertatutakoa: "Agerikoa da eraso horren atzean dagoen motibazio politikoa, jatorrian Espainiako Estatuan areagotzen ari diren muturreko posizio totalitarioak daudelako, Euskal Herritik inoiz alde egin ez dutenak, hain zuzen ere". Ahal Dugu-k ere azaldu zuen bere arbuioa: "Indarkeria ororen aurkako jarrera trinkoa dugu, edozein dela ere. Gertakariak argitzeko azterlan zorrotza egin dadin eskatzen dugu. Gure solidaritate guztia familiarentzat".

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna