Autogintza

Milaka langile kaleratuko dituzte Fordek eta Jaguar Land Roverrek

Fordek berregituraketa handia egin nahi du, eta hainbat modelo egiteari utziko dio.

Forden ikurra.
Forden ikurra. Jeff Kowalsky / Efe

Iker Aranburu -

2019ko urtarrilak 10

Berregituraketa handi baten atarian dago Forden Europako adarra. Kostuak kosta ahala kosta txikitu nahi ditu AEBetako konpainiak, eta horrek «milaka» langileren kaleratzea eta hainbat modelo bazterrean uztea ekarriko du.

Zehazki zenbat langile botako dituzten ez dago garbi, Ford sindikatuekin negoziatzen ari da orain, lantaldea txikitzeko moduei buruz. «Baina ziur esan dezakegu milaka batzuk izango dira. Berregituraketak eragin esanguratsua izango du enpleguan», onartu dio Financial Times egunkariari Steve Armstrong Ford Europako buruzagiak.

Gaur egun, AEBetako multinazionalak 53.000 langile eta hamabost lantegi ditu kontinentean. Horietako bat, Blanqueforten (Gironda, Frantzia) abiadura kaxak egiten dituena, abuztuan itxiko duela berretsi zuen abenduan. 860 langile aritzen dira han, eta Frantziako Gobernuak ez du baztertu fabrika erostea eta gero Punch austriarrari saltzea.

Europako autogile handienetakoa

Historia luzea du Fordek Europan. 1930eko hamarkadaren hasieran lantegi bana eraiki zituen Kolonian (Alemania) eta Dagenhamen (Ingalaterra), eta orduz gero kontinenteko autogilerik handienetako bat izan da. Urtarriletik azarorara %6,4ko merkatu kuota lortu zuen Europan, 910.000 autorekin, iaz baino %2,3 gutxiago. Marka salduenetan hirugarrena izan da, Volskwagenen (1,58 milioi) eta Renaulten (milioi bat) atzetik.

Hego Euskal Herrian, berriz, 3.269 auto saldu zituen iaz, eta salduenetan zazpigarrena izan zen.

12.000 milioi euroko aurrezkia

Berregituraketaren helburua da kontinentean %6ko irabazi tartea lortzea, hau da, saltzen duen auto bakoitzeko batez beste %6 irabazia izatea konpainiarentzat. Kopuru handia da hori luxutik kanpo dauden autogileentzat, eta Fordek ez du Europan inoiz halakorik lortu. Berez, azken bi urteetan galerak izan ditu.

Bermoldaketa ez da kontinentera mugatuko. Mundu osoan 12.000 milioi euroko aurrezkia egin nahi du Detroiteko konpainiak. Hori egiteko modu bat izango da modelo errentagarrienetan zentratzea, eta galerak ematen dituztenak alde batera uztea.

AEBetan, esaterako, iragarri du auto arruntak egiteari utziko diola, eta SUV edo 4x4 itxurako ibilgailu handiagoak soilik eraikiko dituela. Europan, C-Max modeloaren ekoizpena txikitzen hasi da dagoeneko, eta beste modelo guztiak auzitan daude, «Fiesta, Focus, Mondeo, guzti-guztia», Armstrongek onartu duenez.  

4.500 kaleratze JLRn

Fordek ez bezala, JLR Jaguar Land Roverrek badaki zenbat langile kendu nahi dituen: 4.500. Kostuak txikitu nahi ditu hark ere, 2.700 milioi eurotik gora.

Hainbat urtez Forden menpe izan ziren Jaguar eta Land Rover marka ingelesak, baina 2008an Tata talde indiarraren esku geratu ziren, eta 2013an enpresa bakarrean bildu zituen.

Jabe berriekin urte onak izan dituzte batek zein besteak. Noranahikoen arrakastak Land Rover bultzatu dute, eta Jaguarren modelo berriek ere harrera ona izan dute. Azken urtean, ordea, gauzek okerrera egin dute, eta 2018. urtea galerekin bukatuko du konpainiak. Arrazoien artean daude dieselaren krisia eta Txinako merkatuaren erorketa. Auto handiak ditu Jaguar Land Roverrek, eta horietan batez ere diesel motorrak erabili ohi dira, erregai kontsumoa eta CO2 isurketak txikitzeko.  

Beste kezka bat ere aipatu du konpainiak kaleratzeak justifikatzeko: brexit-a. Erresuma Batuak EBtik ateratzeak ez dio mesederik egiten enpresari, eta are gutxiago irteera akordiorik gabekoa baita. Izan ere, Ingalaterran ditu langtegi gehien, baina osagai asko kontinentetik iristen zaizkio.

Akordiorik ezean, Ingalaterrako fabrika bat itxi beharko zuela iradoki zuen iaz Ralf Speth enpresako buruak, baina halakorik ez du gaur baieztatu.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna