Biktimak

Laukoak motibazio politikoko biktimen lege berri bat proposatu du

Lege proposamen bat hitzartu dute, eragozpen eta muga juridiko handiak dituztela onartuta.

2017ko otsailean motibazio politikoko biktimei omenaldia egin zien Nafarroako Gobernuak
2017ko otsailean motibazio politikoko biktimei omenaldia egin zien Nafarroako Gobernuak Jagoba Manterola

Joxerra Senar -

2019ko urtarrilak 10

Ez da izango legerik hoberena, baina ahalegin bat egiteko gertu dira Geroa Bai, EH Bildu, Ezkerra eta Ahal Dugu-Orain Bai —azken horren kasuan, taldea oraindik ez da zatitu, baina zatitzear dago—. Gaur, parlamentuan, segurtasun indarren eta eskuin muturreko taldeen indarkeriaren biktimak aitortzeko lege proposamena erregistratu dute.

Aurreko legealdiaren amaieran onartu zen berez legea, baina, PPk helegitea jarri ondotik, udan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak haren eduki nagusia indargabetu zuen. "Konstituzionalaren epaia ezagutzerakoan, taldeok arbuiatu egin genuen erabakia, eta biktimak babesgabe uzten zituela salatu genuen", diote prentsa ohar bateratu batean. Epaiak teorian eskubidea onartu arren praktikan hura ezeztatzen dutela argi dute. "Abiapuntu hori eta zailtasun juridikoak kontuan hartuta, biktimen eskubideak gauzatzeko bide posible guztiak aztertzeko helburuarekin egin dute lan hilabeteotan.

Abuztutik hona "buru-belarri" jardun dute eduki bat hitzartu nahirik, eta "Auzitegi Konstituzionalaren epaiak ezarritako oztopoez jakitun". Negoziazioetan, biktimen ordezkariei proposamenaren edukien berri eman diete. Proposamenaren helburua da, muga guztiak kontuan harturik ere, egun aitortuak ez diren biktima horiek "ziurtasun juridiko handiagoz" lor dezatela dagozkien aitortza eta erreparazioa.

Gabeziak eta mugak

Prentsa ohar bateratuak "oinarrizko gabezia" batekin sortu dela deritzo. Izan ere, Konstituzionalak ezarritako doktrinak "egia jakiteko eskubiderako eta arduren onarpenerako aurrera egitea eragozten du". Hain zuzen ere, doktrina horren gerizpean, Nafarroako Auzitegi Nagusiak berriki baliogabetu egin du Nafarroako Gobernuak tortura kasuak eta poliziek eta eskuin muturreko taldeek eragindako indarkeria kasuen ikerketa eta txostenak lantzea.

Alta, errealitatea hori izanik ere, aurrera egiteko gertu daude alderdiak. "Inoiz baino beharrezkoagoa da", diote. Biktima horien errealitatea azaleratzeko eta aitortza lortzeko mugak "gero eta handiagoak badira ere" bide bat ireki nahi dute, erabat kamustuta geratu den 2015eko legea indargabetuz eta beste bat proposatuz.

Proposamenaren nondik norakoak

Konstituzionalak baliogabetu egin zuen aitortza eta erreparazioaren batzordea sortzea, "justizia paralelo bat" sortzea helburu zuela iritzita. Lege proposamenak izen bereko batzorde bat osatzea proposatzen du, baina hainbat aldaketekin: lehenik, Gobernuaren egitura barruan egongo da, bake eta bizikidetza politikez arduratzen den organoaren menpe —gobernuak bi kide izendatuko ditu eta parlamentuak zazpi—. Halaber, lege proposamenak dioenez, biktima aitortzeko prozesua "administrazio prozedura" bat izango du, eta ezingo du "inondik ere" zigor helbururik izan.

Batzordeak urtebeteko epea izango du eskari bakoitza aztertu eta biktimaren aitortzarako proposamena egiteko. Dena den, gobernuaren eskuetan egongo da biktimaren aitortza, administrazio ebazpen bidez, 2010eko ETAren biktimen baldintza beretan. Alta, azterketa lan horretan, ezingo dira hirugarren pertsonen "berme judizialak eta konstituzionalak" urratu; hots, ezingo luke gertaera horien arduradunak seinalatu. Gainera, administrazio esparruaren gainetik, sistema judiziala dago eta haren epaiak errespetatzen dituela dio lege proposamenak.

Muga horiek onartuta ere, aurrera egitea proposatu dute. Ia hiru hilabete geratzen dira legealdia amaitzeko, eta Orain Baik Ahal Dugu-ko hiru parlamentari kaleratzeko egindako urratsak Parlamentuan ondorioak izango ditu, bai mahaian bai batzordeetan. Ikusteko dago nola eragiten dion lege proposamen horri.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna