Torturak

Muñecas guardia zibilaren torturak salatuko dituzte sei biktimak Tolosan

1975ean eta 1976an Jesus Muñecas Aguilar kapitainak eta beste guardia zibil batzuek egindako torturen testigantza emango dute. Babesa ematera deitu du Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren plataformak.

Arangoa, ospitalean.
Arangoa, ospitalean. Javier Yaben

Hodei Iruretagoiena -

2019ko urtarrilak 10

Munduari bira eman zion Javier Yabenek Anparo Arangoari ateratako argazkiak: ubelduraz betetako gorputza, Iruñeko Bideko Amaren ospitaleko ohe batean. Sarrio fabrikako langilea, Paper eta Arte Grafikoen sindikatuko presidenteordea eta Nafarroako Langileen Kontseiluko bokala zen Arangoa, eta zazpi edo zortzi guardia zibilen artean torturatu zuten Tolosako (Gipuzkoa) koartelean. 1976ko apirilean izan zen. Orain, urtarrilaren 16an, Juan Arangoa anaiak eramango du haren lekukotza auzitegietara. Beste bost biktimarekin batera joango da, Frankismoaren krimenen aurkako Kereilaren plataformak babestuta.

Deklarazioen saioa 12:00etan hasiko da. Ordubete lehenago, 11:00etan, elkarretaratzera deitu du Frankismoaren krimenen aurkako plataformak, testigantza emango dutenak babesteko asmoz, Tolosako auzitegien aurrean. Herritarrei ez ezik, bat egiteko eskatu diete Gipuzkoako Batzar Nagusiei eta Foru Aldundiari ere, eta, bereziki, Tolosako Udalari.

Arangoaren gisan, Jesus Muñecas Aguilar kapitainak eta beste guardia zibil batzuek torturatu zituzten Elixabete Nosellas, Jokin Sarasola, Martin Jose Zabaleta, Juan Goñi eta Jose Begiristain. Horien guztien salaketak Tolosako instrukzio auzitegira eramanda, Espainiak Justiziaren esku utzi nahi dituzte frankismoaren aurka mobilizatu ziren "milaka gazteri izu zitala sartzeko asmotan Tolosan, Donostian edo Zarautzen egindako krimenak".

Muñecasen aurkako salaketak jarri izan dituzte lehen ere, 2014an, Argentinako kereilaren barruan –2010eko apirilean aurkeztu zuten frankismoaren krimenen aurkako kereila, eta Euskal Herriko udal batzuek ere bat egin dute geroztik—. Maria Servini epaileak inputatu ere egin zuen Muñecas, eta estraditatzeko eskatu. Eskari hura, ordea, bertan behera geratu zen, plataformak salatu duenez, "garai haietako gobernu eta judikaduraren oztopoak medio".

1961ean sartu zen Muñecas Guardia Zibilean, eta 1981ean Espainiako hainbat militar eta guardia zibilek Kongresuan egin zuten estatu kolpe saioan parte hartu zuen, Antonio Tejerorekin batera.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna