Hobiak

Senideen esku utzi dituzte bost milizianoren gorpuzkiak

Zeanuriko (Bizkaia) Altun mendian topatu zituzten Pedro Garcia Gil, Pedro San Millan Beitia, Isaias Rebollo Cardo, Jose Maria Alberdi Ruiz eta Valentin Fernandez Sotoren gorpuzkiak, 2017ko azaroan. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluren eskutik jaso dituzte senideek.

Milizianoen senideak gorpuziak jasotzen, Aintzane Ezenarroren eta Iñigo Urkulluren eskutik.
Milizianoen senideak gorpuziak jasotzen, Aintzane Ezenarroren eta Iñigo Urkulluren eskutik. Lehendakaritza.

Berria -

2019ko urtarrilak 10

"Gaur, desagertutako biktimen familiek jasandako sufrimendu bidegabearen aitortza egin nahi dugu". Hala mintzatu da Eusko Jaurlarizako lehendakari Iñigo Urkullu, Bilbon, Gogora insitutuan egindako ekitaldian. Gogora institutuak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak aurkitu eta atera zituzten lurpetik bost milizianoen gorpuzkiak, 2017ko azaroan. Urkulluk nabarmendu du 80 urtez baino gehiagoz desagertuta egon direla bost pertsona horiek, eta ekitaldiarekin, haiek "bilatzeko zikloa itxi" dutela.

Ekitaldian ez dute parte hartu familia guztiek, lau milizianoren senideak soilik egon dira. Urkullurekin batera, Jaurlaritzako Bake idazkari Jonan Fernandez eta Gogora-ko zuzendari Aintzane Ezenarro ere izan dira. "Gure herrialdearen memoria kolektiboaren parte dira bost pertsona horiek", esan du Urkulluk. Gainera, lehendakariak konpromisoa hartu du "gure herrialdearen memorian merezi duten lekua emateko", eta gainerako desagertuak "aurkitzeko lanean jarraitzeko". Gorpuzkietatik hiru Elgoibarren (Gipuzkoa) hobiratuko dituzte, Duintasunaren Kolunbarioan. Beste biak senideen esku geratuko dira.

Ekitaldia hasi aurretik, elkarretaratzea egin du CNTk Gogora institutuaren aurrean, Konfiskatutakoa itzuli lelopean. Izan ere, 1937ko Eusko Jaurlaritzak erakunde anarkosindikalistaren ondareak konfiskatu zituela salatu dute behin baino gehiagotan. Azaroan, Eusko Legebiltzarrean izan ziren, eta azaldu zuten, Jaurlaritzak bere burua Agirre lehendakariaren garaiko gobernuaren ondorengotzat jotzen duenez, berea dela horretarako ardura.

Gaurko agerraldian salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzarekin biltzeko nahia adierazi dute behin baino gehiagotan, baina ez dituzte hartu nahi izan. Gaur, Gogora institutuaren sarreran, Josu Erkoreka bozeramaileari helarazi diote eskaera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna