Naval

SEPIren bileratik "hotz" atera dira sindikatuak

Navantiara itzultzeko eskubidea dutenak Euskal Herrian geratzea nahi zuten langileek, baina hori bermatzerik ez duela esan die sozietate publikoak.

Navaleko langileen aldeko manifestazio bat, Barakaldon.
Navaleko langileen aldeko manifestazio bat, Barakaldon. Marisol Ramirez / Foku

Iker Aranburu -

2019ko urtarrilak 10

Ustekabe handirik ezean, kalean geratuko dira datorren asteazkenean Navaleko 177 langileak. Horietako 150ek badute Navantia ontziola talde publikora joateko aukera, haren aurrekari Izar enpresa publikoko langileak baitziren 2006an Sestaoko ontziola pribatizatu zutenean. Lana eman emango dietela berretsi zieten atzo 150 langile horiei, baina atzera bota zuten haien beste eskaera: Euskal Herrian geratu ahal izatea, Navalen berpiztuko balitz, berehala Sestaon lanean hasteko.

CCOO eta UGT sindikatuetako ordezkariekin bildu dira gaur SEPI, Espainiako enpresa publikoak biltzen dituen sozietatea. Bileratik «pixka bat hotz» atera zirela onartu dute UGTko kideek. «SEPIren aldetik malgutasun handiagoa espero genuen, inbertsore berria etortzen denean Navalen proiektua sendotu ahal izateko, baina esan du akordioa beteko duela eta ez dela hortik mugituko». Akordio horrek dio garai batean Izarrentzat lan egin zuten langileek badutela eskubidea enpresa publikora itzultzeko, kasu honetan, Navantiara. Arazoa da ontziola publikoak ez duela presentziarik Euskal Herrian, eta hartara itzuli nahi dutenek halabeharrez joan beharko dutela Ferroleko ontziolara (Galizia), Puerto Realekora (Andaluzia, Espainia), edo Madrilgo bulegoetara.

Erantzun horrek zapuztu egin ditu Navaleko langileen itxaropena. Nahi zuten Navantiak formakuntza plan baten barruan sartzea, Euskal Herrian bertan, Navalen geroa argitzen den arte. «Zailagoa baita jendea ekartzea behin beste leku batera joan denean».

Izan ere, datorren asteazkenean erregulazio espedientea indarrean jartzen denean, langilerik gabe geratuko da Naval, eta errazagoa izango zaio balizko inbertsore bati eskaintza bat egitea enpresarekin edo instalazioekin geratzeko, ez baitu langileekiko inolako konpromisorik bere gain hartu beharko.  

Irailaz geroztik likidazioan dago Naval, haren aurreko jabeek ez zietelako pilatutako zorrei aurre egin nahi. Likidazioaren helburua da Navalen aktiboei ahalik eta etekin handiena ateratzea, horrekin zorrak ordaindu ahal izateko. Hautagai bat baino gehiago agertuz gero, enkante bat egiten da, eta eskaintza interesgarrienak egiten duenak hartuko du Naval. Jarduera jarraitzea agintzen duenak du enkantea irabazteko aukera gehien, batez ere enplegu asko ziurtatzen baditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna