Euskal presoak

Sarek garrantzia aitortu dio Parisek euskal ordezkariekin hitz egiten jarraitzeko borondateari

Nicole Belloubet Frantizako Justizia ministroaren adierazpenak "oso garrantzitsuak" direla nabarmendu du. Espainiako Gobernuari eskatu dio Paris eredu gisa har dezala.

Sarek Bilbon egin duen agerraldiko irudia.
Sarek Bilbon egin duen agerraldiko irudia. Aritz Loiola/Foku

Berria -

2019ko urtarrilak 11

Bilbon eta Baionan egingo dituen manifestazioetan parte hartzera deitu du Sarek, gaur goizean, Bilbon egin duen prentsaurrekoan. Plataformak adierazi du 2019a "itxaropenaren urtea" dela, baina egoerak zuhurtziaz jokatzera behartzen duela. Espainiako Gobernuak espetxe politika berri bati buruz zabaldu zituen "mezu itxaropentsuak", oraingoz "hitzetan besterik ez" direla geratu adierazi dute Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarraga plataformako bozeramaileek.

Bestelako jarrera atzeman du Sarek Frantziako Gobernuan. Nicole Belloubet Frantizako Justizia ministroaren adierazpenak "oso garrantzitsuak" dira, Azkarragaren iritziz. Bellobouten hitzak Espainiako Gobernuaren jarrerari emandako erantzun gisa ulertu daitezkeela nabarmendu du, eta Madrilek harengandik ikasi beharko lukeela.

Belloubeteek ziurtatu du eutsi egingo diola Iparraldeko ordezkaritzarekin abian zuen elkarrizketari, presoen auziari irtenbide bat bilatzeko, nahiz eta zailtasunak badirela aitortu duen —harremana "etenda" zegoela ohartarazi zuen euskal ordezkaritzak duela hilabete—. Frantziako Gobernuaren jarrera hori eredugarri izan daiteke Espainiako Gobernuarentzat, Azkarragaren iritziz. "Elkarbizitzarako eremuak bilatzen ari diren eragileekin eta alderdi politikoekin hitz egitea eta konponbideak bilatzea beste biderik ez dago. Ez bakarrik estatu frantziarrean, batez ere espainiarrean baizik; konfrontazioa garrantzitsuagoa izan baita".

Sarek esker ona adierazi die biharko mobilizazioetan parte hartzeko asmoa adierazi duten alderdi politikoei, sindikatuei, eragile sozialei eta norbanako guztiei. Manifestazioan ez parte hartzea erabaki dutenei, berriz, "errespetua eta begirunea" agertu die. "Mobilizazioan egongo ez diren arren, badakigu egungo espetxe-politikaren aldaketaren alde daudela". Hego Euskal Herriko erakundeetan lortu diren akordio instituzionalak aipatu ditu horren lekuko. Sareren iritziz, posizio politiko hori da garrantzitsuena.

Euskal presoen eskubideekiko konpromiso horretan, beste urrats bat eskat die alderdiei: jaso ditzatela euskal presoen eskubideak Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako lantzen ari diren estatutu berrian.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna