Hezkuntza

Akordiorik ez da Kristau Eskolan, eta aurrera egingo dute aste eta erdiko grebarekin

Bilera egin dute patronalak eta sindikatuek, baina ez dute urratsik egin. Asteazkenean hastekoa dute aste eta erdiko greba. 120.000 ikasleri eragingo die.

Kristau Eskoletako langileen manifestazioa, iazko urrian.
Kristau Eskoletako langileen manifestazioa, iazko urrian. Monika del Valle / Foku

Ibai Maruri Bilbao -

2019ko urtarrilak 11

Kristau Eskolako ordezkariek eta sindikatuek goizean izan dute bilera. Patronalak iragarria zuen bileran ez zuela eskaintza berririk egingo, aurreko astean sindikatuei bidalitako proposamena aztertu nahi zuela: jakin nahi zuen sindikatuak zertan dauden ados eta zertan ez. Akordiorik gabe amaitu da batzarra.

Gatazkan elkar hartuta daude mahaiko bost sindikatuak: ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT. Salatu dute Kristau Eskolaren planteamenduak ez diela erantzuten sindikatuen aldarrikapenei. "Langileen eskaeretatik oso urrun dago proposamena, eta ezin dugu onartu", ohartarazi du ELA sindikatuko Miren Zubizarretak. Sindikatu horrek du gehiengoa.

Hala, greba deialdiari eutsiko diote: asteazkenenean dira hastekoak, hilaren 16an, eta hurrengo ostiralera arte egingo dute, hilaren 25era arte. Eragin handia du grebak: gatazkan dauden ikastetxeetan 9.000 behargin inguru ari dira, eta 120.000 ikasle.

Langileen egoerarekin kexu dira sindikatuak, eta gogorarazi dute hamar urte daramatzatela lan hitzarmenik gabe. Lau ardatz dituzte sindikatuen eskariek. Batetik, soldatak: ohartarazi dute beharginek %10 galdu dutela erosahalmena. Bigarrenik, lan zama: eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko ordu osagarriak izatea. Hirugarrenik, haur hezitzaileen eta hezkuntza laguntzako espezialisten egoera: haien lana ere irakaskuntza jardun gisara hartzea nahi dute, eta ordu osagarriak izatea. Eta laugarrenik, enpleguari eustea: ikastetxeak ixten direnean —ikasle faltaren eraginez arriskuan daude zentro batzuk—, langileak beste nonbait kokatzeko eredua hitzarmenean jasotzea. Patronalak uste du eskaerak "ulertzekoak" izan daitezkeela, baina argudiatu du ez duela baliabide ekonomikorik horiei aurre egiteko.

Gurasoek kezka agertu dute grebek izan dezaketen eraginarekin, bereziki Batxilergoko bigarren mailako ikasleengatik, aurki baitute selektibitatea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna