Erasoa

Epaileak aske utzi du Amurrioko erasoarekin lotuta atxilotutako polizia ohia

Armak legez kanpo edukitzea leporatu diote, ez, ordea, Amurrioko baserri baten aurka tiro egin izana. Ez du bermerik ordaindu beharko, eta ez diote baldintza berezirik ezarri.

Jaizki Fontaneda/Foku

Hodei Iruretagoiena -

2019ko urtarrilak 11

Baldintzarik gabe, eta bermerik ordaindu beharrik gabe utzi dute aske Ertzaintzak Amurrioko (Araba) erasoarekin lotuta atxilotutako gizona. Atzo atxilotu zuten 74 urteko gizonezkoa, Espainiako polizia ohia. Gaur eraman dute epaile aurrera, Amurrioko instrukzio auzitegira, eta aske uztea erabaki du epaileak.

Ertzaintzak identifikatua zuten astearteaz geroztik, eta, egun horretan haren etxea miatzean, munizioa topatu zuten, baina ez, ordea, erasoa egiteko erabilitako pistola. Atzo, topatu zuen Ertzaintzak pistola hori, eta atxilo hartu zuten gizonezkoa. Tiro egin izana eta armak legez kanpo edukitzea egotzi zioten. Epaileak, ordea, ez dio leporatu tiro egin izana.

Armategi bat etxean

Ser irratiak ikerketako iturriek jakinarazi aipatuz jakinarazi duenez, Ertzaintzak armategi bat ere topatu du polizia ohiaren etxean: 30 arma inguru atzeman dizkiote, baita hainbat munizio eta 20 jaurtigai ere. Efe agentziaren esanetan, zaharkituta zeuden "gehienak", eta artilleria jaurtigaiek ere "arriskurik" ez zutela zehaztu dute.

Joan den igandean, ezker abertzaleko familia baten baserriari tiro egin zioten Amurrioko Lezama herribatzarrean. Bala batek sukaldeko leihoa zeharkatu zuen, kristala hautsiz, eta horma jo zuen, baina ez zen inor zauritu, erasoa gertatu zenean familiako zenbait kide baserrian zeuden arren. Ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo eman zuen atxiloketaren berri.

EH Bilduren galderak Madrili

Gaur, Espainiako Kongresura eraman du gaia EH Bilduk. Galdera sorta bat aurkeztu du Marian Beitialarrangoitia diputatuak. Zehazki, honakoa: "Nola liteke polizia ohiek legez kanpoko armak erabiltzeko modua izatea eta Amurrion jaurtitako munizio berezia erabili ahal izatea?". Gainera, polizia ohien inguruko kontrol neurrien berri emateko ere eskatu dio Beitialarrangoitiak Espainiako Gobernuari.

Erasotzailea "polizia ohia dela baieztatzen bada", Espainiako Gobernuak erasoa publikoki salatuko ote duen ere jakin nahi du EH Bilduk. Beitialarrangoitia: "[Espainiako] Estatuan areagotzen ari diren muturreko jarrera totalitarioak daude Amurrioko erasoaren jatorrian".

Epailearen erabakia salatu du Sortuk, horrek ekar dezakeenaz ohartaraziz: "Mezua: polizia bazara eta ezker abertzaleari egiten badiozu eraso, inpunitatez nagusituko zara", idatzi dute sare sozialetan: "Neurri bitasuna ez da justizia".

Atzo, EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak ere "harrigarritzat" jo zuen "badaezpadako inolako neurririk" ez hartzea gertatutakoa "hobeto ikertzeko, frogak deuseztea galarazteko edo antzeko gertakariak berriro pasatzea saihesteko". Erasoa "oso larritzat" jo zuen Arzuagak, eta uste du "motibazio politikoa" dagoela atzean: "Gorazarre totalitariorako diskurtso guztiek horrelako egoerak dituzte ondorio".

Amurrioko Udaleko talde politiko guztiek aho batez arbuiatu zuten erasoa, eta elkarretaratze bat egin zuten asteartean, protesta modura. EAJk, EH Bilduk, Orain Amurriok, PSE-EEk, PPk eta Guk Bai taldeak osatzen dute Bozeramaileen Batzordea. Jaurlaritzak, EAJk, Sortuk eta Ahal Dugu-k ere arbuiatu zuten erasoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna