Euskara

Euskaltzaindiak 'bokata', 'kontainer', 'manifa', 'lotesle', 'txikiteo' eta beste 450 bat hitz berri arautu ditu

Azkeneko sei hilabeteetan onartutako erabakiak aurkeztu ditu euskararen akademiak. Urte osoan ia mila hitz berri arautu ditu. Euskaltzaindiaren hiztegiak ia 39.000 sarrera dauzka, horrela.

Euskara Batuaren eskuliburua aurkeztu zuen Euskaltzaindiak Arantzazun (Gipuzkoa), urrian. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
2019ko urtarrilaren 11
16:30
Entzun

Azkeneko urteetan aldatu egin du Euskaltzaindiak joera, eta argoteko eta ahozkoan erabili bai baina Hiztegi Batuan agertzen ez ziren hitz berri asko hasi da onartzen eta arautzen. Horren adibide dira gaur bertan jakinarazi dituen 466 sarrera edo hitz berriak.

Onartutakoen artean, ahozkotik gertu dauden hitz asko, eta baita azkeneko urteetan ezagutu edo zabaldu diren batzuk ere: okupa, sikiera, jopuntu, autogestionatu, inpunitate, irismen, jonki, kebab, klenbuterol, kolageno, komite, korner, luntx, menstruazio, bokata, kontainer, manifa, lotesle, txikiteo, lobby, skater, turbulentzia, underground, ziklogenesi. Albiste honi atxikitako dokumentuan kontsultatu daitezke berrikuntza guztiak.

Euskaltzaindik berak azaldu du 2017tik hona urtean bitan sareratzen dituela berrikuntzak. Azkeneko sei hilabeteetan egindako aldaketak aurkeztu ditu orain, beraz. 466 hitz edo sarrera berri arautzeaz aparte, 392 azpisarrera berri ere arautu ditu. Horiez aparte, 462 sarrera moldatu, zuzendu edo egokitu egin ditu.

Gaur egun, 38.878 sarrera eta 7.302 azpisarrera ditu arautuak Euskaltzaindiak, eta haren hiztegiak 63.507 adiera ditu. 2016ko urrian jarri zuen hiztegia Interneten, eta harrezkero berritzen aritu dira etenik gabe. Urte osoan 983 sarrera eta 557 azpisarrera gehitu ditu erakundeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.