Espainiako aurrekontuak

Kataluniarako inbertsioa handitzea proposatu du Sanchezen gobernuak

Gaur onartu du aurrekontu proiektua Espainiako Ministroen Kontseiluak. PSOEren gobernuak, oraingoz, ez du nahikoa babes aurrekontuak aurrera ateratzeko.

Montero eta Zelaa, gaur, Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian.
Montero eta Zelaa, gaur, Ministroen Kontseiluaren osteko agerraldian. Ángel Díaz/EFE.

Berria -

2019ko urtarrilak 11

Gaurko Ministroen Kontseiluan onartu dute Pedro Sanchezen gobernuaren aurrekontu proiektua, baina oraingoz ez dute nahikoa babes horiek onartzeko. Podemosekin egindako akordioa dute oinarri gisa, eta, batez ere, alderdi katalenei begira ari dira orain.

Maria Jesus Montero Ogasun ministroak azaldu duenez, %18 inguru handituko dute Kataluniarako inbertsioa. "Baikor" agertu da Montero, eta "Katalunia defendatzen dutenek" aurrekontuak babestu beharko lituzkeela esan du. Isabel Zelaa gobernuaren bozeramaileak, aldiz, baztertu egin du presoen inguruko mugimendurik egingo dutenik alderdi katalanen babesa lortzeko.

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohia eta Quim Torra presidentea mintzatu dira gaur gaiaz, Waterloon (Belgika) egindako bilera baten ondoren. "Aurrekontuak tramitatu edo ez, Madrilgo diputatuen esku egongo da", esan du Puigdemontek: "Ez gobernuak, ez Kataluniako parlamentuko taldeek ez dute oraindik erabakirik hartu aurrekontuak tramitatzeari edo onartzeari buruz". ERCren zuzendaritzak gaur egin du bilkura Genevan (Suitza), eta astelehean da elkartzekoa PDeCATen batzarra.

Oraingoz, Podemosekin egindako akordioa baino ez du oinarritzat Sanchezek; ez du, ordea, haien babesik ziurtatuta. Montero Ogasun ministroak ziurtatu du Podemosekin hitzartutako neurri guztiak hartu dituztela aintzat; zehaztu duenez, "aurrekontu proiektuan sartu behar zirenak" jaso dituzte aurrekontuetan, eta gainerakoak, "akordio politiko zabalago" baten parte direla-eta, urtean zehar garatuko dituzte. Besteak beste, abusuzko alokairuak kentzeko neurriak eta mozal legearen zati bat bertan behera uztekoa adostu zituzten.

EAJ: "Bi aukera daude"

"Daukaten egoera kontuan izanda, politikariak kartzelan eta epaiketa hasteko lekualdatzear direla, bi aukeren artean hautatu beharko dute: edo Sanchez eta hura babestu genuenak, edo Casado, Abascal eta Rivera bezalako baten aukera". Hala mintzatu da EAJren BBBko buru Itxaso Atutxa, Herri Irratian egindako elkarrizketan.

Atutxak nabarmendu du EAJren botoak ez direla "erabakigarriak", eta esan du Sanchezek katalanekin negoziatu beharko duela. Ez du zehaztu jeltzaleek zer jarrera hartuko duten, nahiz eta esan baikorra litzatekeela "gobernuaren egonkortasuna".

EH Bilduk ere ez du erabakirik hartu oraingoz. Gaur aurkeztutako dokumentua "zehatz" aztertuko dute astelehenetik aurrera, Marian Beitialarrangoitia diputatuaren esanetan. "Hitz egiteko" borondatea agertu du, baina Sanchezen gobernuari ohartarazi dio ezin dutela "txeke zuririk" eskatu. EH Bildukoak azaldu duenez, "eskuina Espainiako Gobernutik" kentzeko babestu zuten Sanchezen zentsura mozioa, "arduragatik".

PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendia, berriz, "baikor" agertu da: "Saiatzea lantzen elkarrizketa politikoa eta negoziazioa, batez ere, Kataluniako jendea hobeto bizi dadin".

 

 

 

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna