Maravillas gaztetxea

Maravillasekoek ohartarazi dute ezingo dizkietela "ideiak hustu"

20:30ean egin dute elkarretaratzea hormigoiz itxitako Maravillas gaztetxearen aurrean, Nabarreria plazan. Maravillas herriarentzat leloa zeraman pankartaren atzean bildu dira, eta okupazioaren ikurra marraztu dute lurrean.

Maravillaseko gazteek egindako elkarretaratzea, gaur, Iruñean.
Maravillaseko gazteek egindako elkarretaratzea, gaur, Iruñean. @zuribostnirisei

Berria -

2019ko urtarrilak 11

Gaur zabaldutako oharrean, Maravillaseko kideek salatu dute "auzoa militarizatua" izan dutela hiru egunez. Gobernuak argudiatu zuen segurtasunerako arriskua zekartela gazteek egindako obrek, eta horregatik itxi dutela. Ohartarazi dute, ordea, ezingo dituztela haien "ideiak hustu": "Gure mespretxurik handiena ametsak suntsitzen dituztenentzat".

"Guk, ordea, erakinean sartu ginen lehen egunetik, gune ezberdinen garbiketa eta berregokitze lanak besterik ez ditugu egin", nabarmendu dute gazteek, eta zehaztu dute arriskutsutzat jotako gune guztiak itxi egin zituztela. "Auzolanean egindako lanari esker, hogei urte utzikeriak eta erabilpenik gabe zeramaten hainbat gune birgaitzea lortu genuen, berehala auzoaren esku jarriz".

Besteak beste, gimnasio bat, ikasteko gela bat, euskaltegi bat, liburutegi bat, jantoki sozial bat, Elikagai Bankua, zinema bat eta bilera gela bat atondu zituztela azaldu dute. "Maitasunez zaindu dugu espazio hau, ondarea mantendu ahal izateko [...]. Berriz ere, Rozalejo jauregia itxita dago, hutsik eta abandonaturik".

Goizean, Azkoiengo Huerta de Peralta enpresako langileak ere hurbildu dira Nabarreria plazara, LABeko kideekin batera, "sindikalisten eta gazteen aurkako errepresioa" salatzeko. Haiekin izan da Andaluziako SAT sindikatuko idazkari nagusi Oscar Reina ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna