Euskal Presoak

Salbuespen neurrien amaiera galdegin dute milaka lagunek, bizikidetzan aurrera egiteko

Bestelako espetxe politika galdegin die Orain Presoak dinamikak Frantziako eta Espainiako gobernuei, Bilbon eta Baionan egin dituen manifestazioetan. Ezinbesteko jo dute presoen auziari irtenbidea ematea, bakean oinarritutako gizartea eraikitzeko. Gobernuei esan diete orain dela horretarako garaia. Gizartea presio egitera deitu dute.

Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urtarrilaren 12a
07:34
Entzun

"Gaur gizarte honek berriro erakutsi du gure pentsaera politiko ezberdinek ez dutela giza eskubideen defentsa irmoa oztopatzen, bizikidetza ardatz nagusitzat hartzen duen gizarte justu baterantz egin nahi baitugu bidea", adierazi du Pilar Kaltzada kazetariak manifestazioaren amaierako hitzaldian.

"Hamarkadetako liskar eta indarkeriaren ondoren", euskal gizartea bizikidetza guneak sortzen ari dela nabarmendu du Kaltzadak, baina Frantziaren eta Espainiaren egungo espetxe politikek bakean oinarritutako gizartea eraikitzea ezinezko egiten dutela nabarmendu du. Kaltzadaren esanetan, Espainiaren espetxe politikan, "legalitatea eta gizatasuna" ordezkatu ditu "mendekuak", eta ohartarazi du ezin dela adiskidetzerik gertatu "anker" jokatzen bada edo iraganari buruzko kontakizuna "alde bakarreko errelatoan" oinarritzen bada.

"Hasieran, Espainiako Gobernu berriak bakerako urratsak egiteko asmoa zuela iruditu arren, itxaropena laster zapuztu zuen". Orain Presoak dinamikak salatu dutenez, Espainiako Gobernuak ez du bere hitza bete, eta presoen egoeraren erantzukizuna presoen gain jarri nahi du.

Espetxe politika normaltzeko garaia da, Orain Presoak-en iritziz. Ildo horretan, larri gaixo daudenak eta adinekoak diren presoak espetxetik berehala ateratzea esktu dute, gradu aldaketari bide ematea, zigorren batuketa ezartzea eta urruntze politikarekin amaitzea.

Manifestazioaren deitzaileek ez dute uste gobernuek beren borondatez espetxe politika aldatuko dutenik, eta, horregatik, balio handia aitortu diote gizartearen mobilizazioari. "Gizartearen presioak eta mobilizazioak mugiaraziko dituzte bakarrik mugitu nahi ez duten estatuak", ohartarazi du Kaltzadak.

Hitzaldia amaitu aurretik, Orain Presoak-ek elkartasuna adierazi die espetxeratuta dauden buruzagi independentista kataluniarrei eta Altsasuko auzian zigortutako gazteei.

Baionan ere, salbuespen neurrien kontra

Bilbon egin bezala, Baionan ere euskal presoenganako salbuespen neurriak gaitzetsi dituzte eta horiekin amaitu dezala eskatu diote Frantizako Gobernuari. "Salbuespen neurri guztiekin bukatu behar dugu, justizia trantsizionalaren bidez, munduan zehar beste bake prozesuetan gertatu den bezala" adierazi du Anaiz Funosas Bake Bideaneko bozeramaileak.

ETAren armagabetzearen eta haren desegitearen ondotik, orain, presoen auziari konponbidea emateko garaia dela ziurtatu du Funosasek. "Iragan minberari" aurre egitera eta "denontzat etorkizun hobe bat" eraikitzera deitu du. "Denon ardura da".

Frantziako Gobernuak eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak berriro ere presoen auziari buruzko elkarrizketei heldu behar diela adierazi du Funosasek. Abenduan harremanak "etenda" zeudela adierazi zuten. "Bide orri bat eta agenda bat ezarri behar dira mahai gainean. Konfiantzaren haria berriz lotu behar da".

Baionako manifestazioak babesa zabala jaso du arlo politikotik. Ipar Euskal Herriko 102 auzapezek egin dute bat mobilizazioarekin —auzapezen %65ak—, eta zortzi alderdi politikoren babesa ere jaso du. Horrez gain, 78 sindikalistak, kultur arloko 63 sortzailek, 40 apaizek, Bizi mugimenduak eta LDH Giza Eskubideen Ligak azaldu diote babesa, baita gazte antolakunde ugarik ere: Azia, Euskal Herria Zuzenean, ELBko gazteak, Aitzina antolakundea eta Donapaleu, Donibane Garazi, Makea, Luhuso, Itsasu, Kanbo, Hazparne, Baiona, Azkaine, Donibane Lohizune, Sara eta Miarritzeko gaztetxeak.

Hegoaldean ere, askotariko eragileek egin dute bat Orain Presoak-en deialdiarekin. Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k babestu dute.

BERRIAk zuzenean eman du bi manifestazioen berri, Baionako eta Bilboko manifestazioetatik bertatik.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.