Euskal presoak

Sarek bilera bat eskatuko dio Grande-Marlaskari

Atzoko mobilizazioetan emandako mezua helarazi nahi diote Espainiako Barne ministroari, zuzenean. Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren esperientzia hartuko dute oinarri, "lan molde berriak" bilatzeko.

Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak, atzoko manifestazioari buruzko balorazioa egiten, gaur, Bilboko Udaletxearen parean.
Arantza Aldezabal eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak, atzoko manifestazioari buruzko balorazioa egiten, gaur, Bilboko Udaletxearen parean. Sare/@sare_herritarra

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko urtarrilak 13

Sarek atzoko manifestazioari buruzko balorazioa egin du gaur goizean. "Pozik" agertu da Bilbon eta Baionan euskal presoen eskubideen aldeko mobilizazioek izan duten parte hartzearekin. 9.000 lagun inguru bildu ziren Baionan eta 75.000 baino gehiago Bilbon. Joseba Azkarraga Sareko bozeramailearen esanetan, mobilizazio jendetsuak argi utzi du gizartea ez dagoela prest "bere izenean eskubideak urratzen jarraitzeko".

Mezu hori helarazi nahi dio Sarek Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroari, aurrez aurre. Hala, plataformak bilera bat eskatuko diola jakinarazi du. Espainiako Gobernuak euskal presoei ezartzen dizkien salbuespen neurriekin amaitu dezala galdegin nahi dio. Azkarragak gaineratu du Madrilek oker egingo duela atzoko bi manifestazioetan mobilizatu ziren 85.000 herritar ingururen mezua aintzat hartzen ez badu.

Sareren iritziz, "oso positiboa" da euskal gizartea era bateratuan mobilizatu izana Ipar eta Hego Euskal Herrian. Arantza Aldezabal Sareko bozeramaileak nabarmendu du manifestazioetan gizartearen ordezkaritza zabal batek parte hartu duela. Bere esanetan, gizarteak eskaera argia egin zuen atzo: "Ez dezatela gehiago atzeratu sufrimendua besterik sortarazten ez duen espetxe politika injustu eta zentzugabe honen aldaketa".

Aldezabalek ziurtatu du euskal presoen auziari konpobidea emateko ordua dela, "giza eskubideetan oinarritutako elkarbizitza bat" lortzeko. Ohartarazi du ez dela bide erraza izango. "Korapilo asko ditugu askatzeko". Baina helburua lorgarria dela ziurtatu du, "herri borondateak borondate politikoarekin bat egiten" badu.

Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak Frantziako Gobernuarekin elkarrizketa abiatu duen modu berean, Sarek ere euskal presoen egoera aztertzeko bide bat hasi nahi du Madrilekin. Iparraldeko ordezkaritzaren esperientzia hartu nahi du oinarri horretarako. Hori dela eta, Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin bilduko dela iragarri du. "Ziur gaude topatuko ditugula lan molde berriak".