Athletic 2-0 Sevilla

Jaitsiera postuetatik urrundu da Athletic, Sevillari irabazita

Talde zuri-gorriak partida ona egin du hasieratik amaierara. Iñaki Williamsek egin ditu bi golak; biak ere ikusgarriak.

Athleticeko jokalariak, Iñaki Williamsen goletako bat ospatzen, gaur, Sevillaren aurkako partidan. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2019ko urtarrilaren 13a
09:59
Entzun

Indartsu zelairatu da talde zuri-gorria. Estu hartu du hasieratik Sevilla. Joko oso azkarra egin du, paseak lotzen asmatu du eta arrisku handiko jokaldiak ondu ditu partida hasieratik.

23. minutuan, 1-0ekoa egin du Iñaki Williamsek Athleticentzat. Atezainaren aurrean bakarrik utzi duen pasea jaso du etxeko aurrelariak, bere abiadura baliatuta. Jaurtiketa indartsua egin du eta Sevillako atezain Vaclikek ez du gelditzerik izan. Gol bateko errentarekin joan da Athletic atsedenaldira.

Bigarren zatian ere sendotasunez egin dio aurre talde zuri-gorriak Sevillari. Ongi kokatuta egon da Sevillaren erasoko jokaldietan, eta erasoan Sevillarentzako uneoroko arriskua izan da Williams.

65. minutuan, txalo zaparrada batekin hartu du San Mamesek Ibai Gomez jokalaria. Oscar De Marcosen ordez zelairatu du Gaizka Garitano entrenatzaileak.

Sevillak gol aukera arriskutsuak sortu dituen arren, ez du golik egitea lortu. Aldiz, Athleticen ahaleginak saria jaso du 82. minutuan. Berriro ere Williams izan da protagonista. Gol ikusgarria sartu du baloiarekin lasterkaldi luze batean aurkariak atzean utzi eta atezainari izkin egin ostean.

Garaipenari esker, Athleticek 22 punturekin amaitu du jardunaldia eta jaitsiera postuetatik urrundu da. Hiru puntu ateratzen dizkio 18. sailkatua den Rayori.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.