Bartzelona 3-0 Eibar

Ausart jokatzeak ez du saririk izan Bartzelonan

Eibarrek beldurrik gabe jokatu du Camp Noun, eta armaginek izan dute jokoaren agintea, harik eta Bartzelonako jokalarien kalitateak partida hautsi duen arte.

Jose Angel Valdes Eibarko atzelaria Bartzelonako Leo Messirekin, baloia bereganatzeko borrokan, gaur, Camp Noun. ALEJANDO GARCíA, EFE
2019ko urtarrilaren 13a
10:55
Entzun

Eibar ez da kikildu Bartzelonaren zelaian. Baloiaren jabetza lehiatu dio Espainiako ligako liderrari, partida hasieratik. Ondo kokatuta egon da taldea, ausarki egin dio presio Bartzelonari bere zelaian eta jakin du baloiarekin defendatzen ere, jokoa bere atetik urrun mantentzeko.

Bartzelonako jokalarien kalitateak, baina, ezerezean utzi du armaginen saiakera. Jokoan deseroso zeuden arren, jokaldi biribila josi dute Ernesto Valverderen mutilek, 19. minutuan. Coutinhoren eta Suarezen arteko pase segidak Eibarren defentsa hautsi du, Suarezek area barrura egin du eta gurutzatutako jaurtiketa batekin gainditu du Riesgo, 1-0ekoa egiteko.

Golak ez du Eibarren jokoa aldatu, eta Bartzelona estutzen jarraitu du atsedenaldira arte. Bigarren zatian, jarrera berarekin zelairatu da talde armagina. Eta lehen zatian bezala, Bartzelonak gola egin du jokoan nagusi agertu gabe. Bigarrenean, Arbillaren huts bati atera dio etekin Suarezek. Baloia lapurtu dio eta Messik amaitu du jokaldia. Bigarren gola egin du area barruko jaurtiketa batekin, 53. minutuan.

Bigarren golaren ondoren, hobera egin du Bartzelonak, eta 59.ean hirugarrena egin du Suarezek. Alboko sake azkar bat jaso eta berak bakarrik ikusi duen hutsunetik zulatu du atea aurrelari uruguaiarrak.

Camp Noutik esku hutsik itzuliko da Eibar eta, beraz, 22 punturekin amaitu du lehen itzulia, Athleticekin, Leganesekin, Valladolidekin eta Realarekin berdinduta. Azken horrek, ordea, partida bat gutxiago jokatu du. Bihar neurtuko ditu indarrak Espanyolekin, Anoetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.