Cesare Battisti aktibista ohia Italiara iritsi da

Bolivian atxilotu zuten herenegun, eta Italiako Gobernuak haren estradizioa eskatu zuen.

Cesare Battisti gaur goizean Erromako aireportura iristen.
Cesare Battisti gaur goizean Erromako aireportura iristen. ETTORE FERRARI / EFE

Igor Susaeta -

2019ko urtarrilak 14

2004tik Brasilen bizi zen PAC Komunismoaren Aldeko Proletario Armatuak taldeko kide ohia, baina joan den abenduan handik ihes egin zuen, Auzitegi Gorenak hura atxilotzeko agindu baitzuen. Interpoleko agenteek joan den larunbatean atxilotu zuten Santa Cruz de la Sierran (Bolivia), eta Italiara estraditatu dute, Erromak hala eskatuta. Matteo Salvini Barne ministroak esan du "kartzelan" behar duela egon Battistik, ez "hondartza batean".

PACeko kide zela, 1977 eta 1979 artean lau pertsona hil izana leporatu zioten, epaitu zuten, eta bizi osoko zigorra ezarri zioten. Halere, epaiketa haren zain zegoela kartzelatik ihes egitea lortu zuen 1981ean, eta 2004ra arte Frantzian eta Mexikon egon zen bizitzen. Brasilera alde egin zuen, 2007an atxilotu zuten, eta hango Gorenak estradizioa onartu zuen. Erabakia, ordea, ez zen loteslea, eta Luis Inacio da Silva Lula orduan presidente zenak estradizio eskaera ezeztatu zuen.

Italiako eta Brasilgo gobernuen arteko harremanak onak dira orain, eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidente berriak esana zeukan Battisti estraditatuko zutela. Ekintzaile ohiak urtetan defendatu du bere errugabetasuna.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna