Honduras

Beste migratzaile karabana bat abiatu da Hondurastik AEBetara bidean

Ehunka herritar elkartu dira pobrezia eta indarkeria atzean utzi eta iparralderako bidea batera egiteko.

Hondurasko migratzaile talde bat, kamioi batera igota, AEBetarako karabanaren hasieran, bart, San Pedro Sula hirian.
Hondurasko migratzaile talde bat, kamioi batera igota, AEBetarako karabanaren hasieran, bart, San Pedro Sula hirian. Gustavo Amador/EFE

Gorka Berasategi Otamendi -

2019ko urtarrilak 15

Hondurasko Tegucigalpa hiriburuan ekin diote bideari, Guatemala eta Mexiko zeharkatu eta AEBetara iritsi asmoz. Aurretik, milaka hondurastarrek egin dute aukera bera. 2.500 dira egun Tijuanan (Mexiko), AEBetarako muga noiz gainditu zain, dauden migratzaileak, eta 7.000 baino gehiago itzuli dira beren jatorrizko herrialdeetara, Hondurasko datu ofizialen arabera.

Honduraseko biztanleriaren %68a pobrezian bizi da, herrialdeko Estatistita Institutu Nazionalaren arabera. Indarkeria maila ere oso handia da. Egunean 11 hilketa gertatzen dira, Segurtasun ministeritzaren datuak oinarri hartuta.

Hondurastik abiatu den bigarren karabana da irten berri dena. Urrian beste bat irten zen, eta Kristina Berasain BERRIAko bidali bereziak erreportaje saila egin zuen karabanatik bertatik.

Karabanetako migratzaileei AEBetan sartzen uztearen kontra gogor mintzatu da Donald Trump AEBetako presidentea. Migrazioak estatubatuarrentzako arrisku ugari dituela nabarmendu du. Besteak beste, droga trafikoarekin, delikuentziarekin eta lan eskasiarekin lotu ditu migratzaileak.

AEBetara hegoaldeko mugatik sartu nahi duten migratzaileei bidea mozte aldera, Trumpek murru bat eraikitzea proposatu du. 4.300 milioi euro eskatu dizkio horretarako Kongresuari, baina demokraten kontrolpean dagoen ganberak ez du halakorik baimendu. Kongresua jarreraz aldatzera behartzeko, Trumpek gobernuaren %25 itxi du. Hiru aste baino gehiago daramatza AEBetako gobernuak egoera horretan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna